Ur horniduraren kudeaketarako bat egin dute Malerrekako bortz udalek. Zehazki, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Sunbilla eta Zubietako udalek bat egin dute Malerrekako Mankomunitatearen baitan erakunde autonomoa izanen den organo berrian.
2007an Aurtitzen egin zen ur biltegiak hornitzen ditu bortz herriotako 3.500 bat erabiltzaile. Ordura arte ura hainbat iturritatik hartzen zuten: iturendarrek Borzadar, Xelat, Lertxundi, Berrurta eta Iturriatik; Elgorriagak Malkorratik; Doneztebek Errotazarretik; Sunbillak Bidasoa ibaitik, eta Zubietak Txitxillotik.
Sei urte beranduago arte, ur biltegia erabiltzen duten bortz udalak ez dira erakunde berean elkartu. Erran bezala, Malerrekako mankomunitatearen antolaketaren barnean egonen da erakunde berria, nahiz funtzionamenduan autonomoa izanen den. Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak aipatu duenez, «baliabideak aurrezteko eta ahal den neurrian gauzak errazteko erabaki dugu mankomunitate berririk ez sortzea eta Malerrekakoaren baitan eratzea organo berri hau».