Saldistar batek eskribitu duen lehen liburua itzulpena dela aipatu genuen aurreko aldian. Lehen liburu originala, berriz, Angel Perezek idatzi zuen ondoko gizaldian: Don Gregorio Perez, Saldiasko Barbera. Angelek bere aitaz idatzi zuen memoria liburua da, eta Saldiasko gizaldi horretako kontu asko dakarzki. Gauza gehiago ere eskribitu zituen; dakigula, Principe de Vianak ateratzen zuen aldizkarian behin idatzi zuen; Maximori galdetzea litzateke egokia, haren goiti-beheitiez gehiago jakiteko. Memoria liburua noizkoa den ez du paratzen, eta 80ko buelta horretan idatzia delakoan nago. Liburuaren hasieran esplikatzen du Angelek nondik etorria zen Barbera: “Ortigosa de Camerosen jaio zen Don Gregorio eta hogeitazazpi urte zituen Saldisera etorri zenean. Herri honek ez zuen orduan errege-biderik eta ez du izan beranduago arte; gehienez hamabi urte izango dira Labaingoa egin zenetik eta bost bat urte izango dira Intxurekoa egin zutenetik. Azken hau, aldapa handikoa da baina mesede handia egiten die baserritarrei, zeren eta hoiek egin bitartean, gauza guztiak mando bizkarrena eraman behar zituzten herrira. 1916. urtea zen Don Gregorio iritsi zenean, orduan saldistarrak ez zekiten hitz bat ere erdaraz eta berak aldiz, ez zekien hitz bakar bat ere euskaraz. Jendearekin nola ulertzen zen ez dakigu baina hala izanik, meritu gehiago dauka. Ez zuen ikasi euskaraz hitz egiten baina esaten ziotena ulertzeko gai omen zen.
BESTE PASARTE BAT
Ttikitako bihurrikeria bat baino gehiago ere kontatzen ditu, honatx bat: «Etxeko abereen inguruan, esan behar dut behi ona edukitzen genuela, baina ernari zegoenean, esnea eskas izaten genuen, eta laguntza gisa, bi edo hiru ahuntz edukitzen genituen. Hauek kate luze batekin sasiei lotuak egoten ziren. Gure esku zegoen ahuntzak lotzea, baina maiz, behar ez zen lekuan lotzen genituen, kalte egiteko moduan. Gorroto handia zieten hauei herri guztian, batez ere eliz atzean soro-alorrak sasiz inguratuak zituztenak; soro hurbilena hau zenez hara jotzen genuelako beti. Arretxekoak, Intxurikoak eta Mekolonekoak ziren kalte handiena sufritzen zituztenak, eta behin baino gehiagotan lesatu, ipurdiko bat eman eta bidali egiten zituzten ahuntzak. Batzuetan, buztan karrotia ere ematen zieten eta, orduan, izerdia ateratzen genuen hauek bilatu eta harrapatzen”.