Endarlatsa eta Bertiz arteko Bide Berdea ofizialki inauguratu dute

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 9a

Bertizko Partzuergoko Izaskun Goñi gerentea eta Garbiñe Elizegi presidentea eta Luis Zarraluqui Nafarroako Gobernuko sustapen kontseilaria zinta mozten. Aitor AROTZENA

830.000 euroko inbertsioa egin da, 33 kilometroko bidea egokituz

Oinezko eta txirrindulazaleek Bidasoko trenbide zaharreko bide berdean 33 kilome­tro gehiago dituzte erabilgarri abenduaren 20tk aitzinera, Endarlatsa eta Bertiz Natur Parkearen arteko zatia ireki bai­tzuten ofizialki. Nafa-rroako Gobernuko Sustapen kontseilariak, Luis Zarraluquik, Garbiñe Elizegi Baztango alkate eta Bertizko Partzuergoko presidenteak eta Izaskun Goñi gerenteak moztu zuten zinta ibilbidearen irekiera-ekitaldian. Izan ere, proiektua Bertizko Partzuergo Turistikoak sustatu du Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren laguntzarekin.
 
Ibilbidea berreskuratzeko lanak egiteko 830.000 euroko inber­tsioa egin behar izan den arren, Bertizko Turismo Partzuergoak 2011ko udan egin zuen azterlan batean kalkulatutakoaren arabera, bide berdeak eskualdeari 796.000 euroko itzu­li zizkion urte hartan eta, itxura guztien arabera, itzulera oraindik handiagoa izan liteke egindako inbertsioarekin. 
 
Jarduera guztietarako erabili diren 830.000 euro horietatik, 730.000 euro Alkaiagako lurpeko pasabidea egiteko obretarako, eta pasabidea egokitzeko eta argiztatzeko erabili da, eta 100.000 euro ibilbidea sustatzeko ekintzetarako.
 
Zehazki, obren partidaren % 65 Europar Batasunak finantzatu du eta % 35 (255.940 euro) Nafarroako Gobernuak. Ibilbidea susta­tzeko ekintzetara bideraturiko 100.000 euroren partidatik % 65 Europar Batasunak finan­tzatu du eta gainerako % 35 Bertizko Turismo Partzuergoak.
 
Alkaiagako lurpeko pasabidea izan denez inbertsiorik handiena bertan egin zuten zinta mozte ekitaldia eta gero Lesakako Bereauko zubira, garai bateko estazio ingurura joan ziren, herriz herri jarri diren informazio paneletako bat ikustera.
 
EGINDAKO LANAK
Ibilbidea prestatzeko egindako lanik ga­rrantzitsuena lurpeko pasabidea egitea izan da, N-121-A errepidearen azpitik doana, Alkaiaga inguruan. Era berean, ibilbidean zehar seinaleak jarri, tunelak argiztatu eta bide berdea igarotzen den leku batzuetan hainbat egokitzapen-lan egin dira. Gainera,  ba­bes­teko barandak ere jarri dira.
 
Hurrengo fasea ibilbideak Iruñerantz segi­tzeko aurreproiektua egitea izanen da, Bidasoko bide berdea eta Plazaolakoa batuko dituen ibilbidea eginda, Saldiastik hasita, Orokieta parean. Horretarako, trenbidearen plataforma zaharra berreskuratu, zaharberritu eta egokitzeko lanak egingo direla aurreikusi da, baita jatorrizko bidea desa­gertuta duten tarte be­rriak eraikitzeko ekin­tzak ere. Bide berdea Eurovelo proiektuko bideetako batzuk dira. Proiek­tu hori kontinente osoa zeharkatzen duten bizikletaz ibiltzeko hamalau ibilbide nagusi egokitzeko Europar Batasunaren ekimena da.
 
Bidasoko trenbidearen ibilbideak 49 kilometro ditu, horietatik 42 Nafarroan, Endarlatsa eta Elizondo artean. Gipuzkoako zatiko 7 kilometroak Gipuzkoak Foru Aldundiak berreskuratu zituen 2009an. Doneztebe eta Elizondoren arteko bidea egokitzeko bigarren UPS bat egin beharko litzateke.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun