Egurraren salmentarekin urteetan diru sartze politak egin dituzte udalek. Garairik oparoenean, metro kubikoa 60 euro edo gehiagoan saltzera ailegatu ziren. Gaur egun, ordea, ez dago eroslerik eta saltzen duten apurra duela 20 urteko prezioaren erdiaren azpitik egiten da.
Mendietako zuhaitzak zutik. Halaxe daude aspaldian, mugimendu haundirik gabe. Mendeetan udalen diru iturri nagusiak izan dira oihanak eta egurraren produkzioak balio haundiko industria sortu izan du. Baina garaiak aldatu egin da. Gaur egun, gero eta guttiago saltzen da, eta aldiz, oihanak berdin zaintzen dira eta diru laguntzak ere nabarmen murriztu dira. Hori aski ez, eta fusarium onddoak ez ditu bakean utzi intsinis pinuak. Pinu hau bereziki sentikorra da fusariumarekiko eta Nafarroako Gobernuak honen aitzinean egurraren mugimendua kontrolatzeko neurriak hartu ditu hemendik kanpora saltzeko mugak paratuz, eta intsinisa landatzeko laguntzak ere kendu ditu.
Jesus Garitacelaya ingurumenarekin lotutako aholkularitza teknikoa eskaintzen duen Basartea enpresako kidea da, eta krisiak gure mendietan izan duen eraginaz aritu zaigu: «krisiarekin salmentak eta batez ere diru laguntzak murriztu direlako kexu dira aunitz, baina mendiak krisiari aurre egiteko ez zeudela prestatuak ikustea da kezkagarriena. Urteetan, mendiak zaintzeko eta gozatzeko lorategitzat hartu izan ditugu, horrek dakarren gastu ekonomikoa aintzat hartu gabe. Araudiak eta azterketak egin dira, baina antzinako belaunaldien gaitasun produktiboa galduz joan gara. Orain konturatu gara ez dugula zaintzearen eta produkzioaren arteko oreka gordetzen jakin. Ezin ditugu, garai batean egiten zuten bezala, mendiak ekonomikoki une zailei aurre egiteko aprobetxatu, eta gainera, ez dugu ‘lorategi’ horiek mantentzeko dirurik». Bere hitzetan, «mendiek duela 20 urtetik honat diru iturri garrantzitsu izateari utzi diote. Oraindik ere produktu eta zerbitzu garrantzitsuak eskaintzen dituzte, baina jabeei sortzen dizkieten irabaziak eta mantentzen dituzten lanpostuak batez ere subentzio eta laguntza publikoetan oinarritzen dira».
Sektoreari bultzada emateko «formula berriak» bilatu behar direla dio: «espezieak, kudeaketa formak... horiek kontuan hartuz badira alternatibak, baina nagusiena sektorea gehiegizko erregulazio eta diru laguntzekiko duen menpekotasunetik libratu behar dela da. Herri eta jabe bakoitzak arazo desberdina du, eta mendiak kudeatzeko autonomia lokal eta pertsonal haundiagoa izatea garrantzitsua izanen litzateke». Oinarrizko ingurumen-baloreak ez galtzeko «marra gorri batzuk paratzea aski izanen litzatekeela» uste du, eta «batzuek oihanaren kudeaketak nolakoa izan behar duen zehazteko eta gainerakoei inposatzeko gai direnaren ideia baztertu beharko genukeela.». Bere irudiko, «jabe eta tokiaren arabera egoera mota desberdinak izanda, kudeatzeko moduan dibertsitate haundia egonen litzateke eta denborak erakutsiko luke zeinek aurkitu dituen ekonomia eta ekologiaren arteko orekan soluziorik onenak».
EGURRAREN SEKTOREAZ HERRIETAKO UDAL ORDEZKARIEKIN SOLASEAN
Miguel Mari IRIGOIEN | ETXALAR
«Subentziorik gabe menditik ateratzen den dirua mantentze-gastuetan
joanen da»
Urteetan menditik sos dezente irabazitakoa da Etxalarko herria. Miguel Mari Irigoien alkateak azaldu digunez, «1990etik 2012rako tartean 1.000.772 euro atera ziren. 90. hamarkadan, pinuaren metro kubikoa 11.000 pezetetan (66 euro) saltzen zen eta joan den udaberrian, metro kubikoa 32-33 eurotan saldu genuen». Halere, orain ere «garestien» intsinis pinua saltzen omen da: «duela 25 bat urte haritz amerikar aunitz landatu genuen, baina ez du aterabide onik». Diru laguntzak kendu dituztela eta, zera aipatu digu: «orain arte mendietatik ateratako dirua baserrietako bideak moldatzeko edo bertze partidetarako erabili izan da. Hemendik aitzinera, landatzen segitu behar bada, entresakak egin, bideak moldatu... Irabazten den dirua mantentze-gastuetan joanen da». Sektoreari laguntzeko Nafarroako Gobernuak «ez duela deus egiten» uste du, eta fusarium gaitzarekin, Gobernuak «jarrerarik murriztaileena» hartua duela dio: «Gipuzkoa eta Nafarroako landareek elkar ukitzen dute, eta hangoek egurra nahi duten tokira eraman dezakete eta guk inora ere ez». Egoeraren aitzinean, egur laminatuei jarria die begia: «lehen dena egur mazizoa erabiltzen zen eta arraildurak agertzen ziren. Orain laminatuak egiten dira eta hori izan daiteke irtenbidea».
«Etekin ekonomikoaz gain, mendiak bertze aprobetxamendu batzuk ere baditu»
Baztanen azkeneko urteetan egurraren sektoreak ez duela «gorabehera haundirik» izan erran digu Jon Elizetxe zinegotziak. Are gehiago, «mantendu edo goiti egin» dela gaineratu du: «gaur egun saltzen dena egurretarako da, enbor-ttikia deitua, eta horrek gero eta eskaera haundiagoa du. Duela urte batzuk, sektorea nahiko geldirik egon zen, baina biomasaren aferarekin eta jendea berriz egurra kontsumitzen hasi delako, mugimendua nabari da. Egur aunitz dugunendako hori ona da». 2012an 25.000 euro atera zituen Baztango Udalak menditik, eta Kintoko Mankomunitateko kide izanda, berriki Kintoan saldutako loteekin ere irabaziak izan dituzte. 2014rako, berriz, 100.000 eurotik goiti ateratzea espero dute. Baina Nafarroako Gobernuak mendiko lanetarako diru laguntzak kendu dituenez, «gastuak ere goiti» eginen duela gogoratu du Elizetxek. Beretako hori ez da bidea: «mendietako azpiegiturak gure kontu garatu beharko ditugu. Gobernuak apustua biomasa dela dio, baina laguntzak kentzen baditu mendiak kasik defizitarioak izanen dira». Dena den, etekin ekonomikoaz gain, mendiak «aukera aunitz» badituela nabarmendu du. Batetik, «beren balio ekologikoa edo naturala» aipatu du, eta bertzetik, «balio ludiko-soziala, hau da, aisialdirako, turismoa erakartzeko...».
«Orain arte zorrik gabe moldatu gara baina hemendik 8-10 urtera dena beltza ikusten dut»
«Hemendik 8-10 urtera oso beltza ikusten dut dena». Horixe aitortu digu Josu Narbarte zinegotziak. Izan ere, urteetan milioi asko bildu izan ditu herriak menditik, udal aurrekontuaren %80 izateraino. Baina fusarium gaitzak gogor jo zuen Goizueta. Narbartek azaldu digunez, «1975etik 2005era oso urte onak izan dira, baina fusariumak min haundia egin digu eta Goizueta eta Arano koarentenan egon dira. 1997-1998an landatutako pinu ia guztiak ihartu dira eta ez dute deusetarako balio. Leku askotan, 8-10 urteko pinu horiek moztu eta dena garbitu behar izan da». Intsinis pinua alde batera utzita, bestelako landaketak egiten ari dira: kriptomeria, aletze japoniarra eta «hemen ezagutzen ez ziren landare mordoxka». Horrek nolako emaitza izanen duen, ordea, ikusteke dago: «ez dakigu zer emanen duten». Gainera, emaitzak ikusteko gehiago itxaron beharko da: «intsinis pinuak landatu eta 30 urtera ematen zuen dirua, baina orain landatzen ari garenak hostozabalak dira eta 50-60 urtera luzatuko da». Beraz, panorama ederki aldatu zaio Goizuetari. Saltzen ari direla dio, baina «1995ean balio zuenaren erdia edo herena balio du orain pinuak». Hala, etorkizuna «oso beltza» ikusten omen du: «orain arte zorrik gabe moldatu gara, baina hemendik aurrera ikusiko da».
Patxiku MITXELENA | ZUBIETA
«Mendien etorkizuna nahiko tristea ikusten dut. Gastuak ezin dira estali»
«Sei urte izanen dira Zubietako Herriko Etxeak ez duela mendirik saldu. Eta orduan ere gauza gutxi». Patxiku Mitxelena alkateak halaxe kontatu ditu. Haritz amerikarra saldu zuten orduan, metro kubikoa 24-25 eurotan. Baina Patxikuk garai hobeak izan direla gogoan du, orain dela urte batzuk 55-60 eurotan saltzen baitzuten metro kubikoa. Gaur egun, egur lotetarako «bakarrik» ateratzen dute egurra Zubietan. Hala ere, alkateak onartu digunez, «aspaldiko urteetan menditik ez dugu diru askorik hartu, baina ez dugulako saltzeko materialik ere». Pagoa eta haritza dira Zubietako lurretan nagusi, eta Europatik ailegatutako azken diru laguntzekin ere haritza eta pagoa landatu dituzte, baita urkia, lizarra... ere. Landaketa berri horiek «urte batzuetako gastua» eraginen diela dio Patxikuk, «garbiketak eta gauzak egin beharko direlako, eta hortik dirurik hartzerik ez dagoelako». Mendien etorkizuna «nahiko tristea» ikusten du: «materialak ez du ematen, eta horiek denak atera eta garraiatzea dirua gostatzen da. Gastuak ezin dira estali». Administrazioaren jarrerarekin ere kritiko solastu zaigu: «hitz ederrak esaten dituzte, baina ez dute sekula betetzen esandakoa. Batzuetan itxaropena ematen dute, eta gero bestelakoa egin».