Joan den urte barrenean egin ez zen 2013ko Euskadiko ingude-jasotze txapelketa jokatuko da urtarrilaren 25ean, larunbat arratsaldeko 3etatik aitzinera Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan. Zazpi kirolari ariko dira lehian, tartean Leitzako Josetxo Urrutia Nafarroako txapelduna.
Leitzarrarekin batera, 2012an Euskadiko txapeldun izan zen Joxe Lapazaran bizkaitarra, txapeldun orde izan zen Arthur Van der Putten lapurtarra, Geard Chotro, 2013ko Iparraldeko txapeldunordea, Peru Hirbibarnegarai eta Unai Ardeo bizkaitarrak eta Aritz Izuzkiza nafarra ariko dira lehian.
Herri kirol jaialdi berezia
Euskadiko txapelketaren ondotik, herri kirol jaialdi berezia eginen da. Lehenik trontzan ariko dira bikote mistoak: Nagore Murga eta Andde Arbenoitz, Helena Arribillaga eta Franck Veiga, Arantxa Mujika eta Sébastien Martikorena, Nerea Sorondo eta Ibai Telletxea eta Amaia Gartzia eta Alexandre Igoa.
Ondotik, harri-jasotzen, Nicolas Nérou Ziburuko gazteak bere lehen saioa eginen du 8 arrobako zilindroarekin. Jimmy Orsztynowicz 10 arrobako errektagularra altxatuko du, Sébastien Martikorena 132 kiloko harri baldarrareki nariko da eta Joseba Ostolaza, sekulan plazaratu gabeko 180 kiloko Hendaiako harri baldarrarekin ariko da.
Aizkoran, binaka txanda librean, Lurramako errebantxa jokatuko dute sei kanaerdikora Arthur Van den Putten eta Ibai Telletxeak, Jeannot Juanikotena eta Benoît Goienetxeren kontra. Azkenik, aizkoran 5 metroko altueran ariko da Andde Arbenoitz.