2013. urte bukaeran 1.397 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, azaroko kopuru bera. Baina azken hiru urte bukaerak ikusiz, 2012ko abenduaren 31n baino 30 langabetu gehiago daude eta 2011ko urte hondarrean baino 197 gehiago eta 2010eko urte bukaeran baino 267 gehiago.
2013ko abenduko gorabeherak kontuan hartuz, 475 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 19 bakarrik mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 642 lagun daude langabezian, azaroan baino 16 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean 615 langabetu daude, azaroan baino 13 guttiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean bi lagun guttiago daude langabezian, 84 lagun, eta adin tarte horretako emakumeen artean azaroan baino langabetu guttiago dago, 56 denera.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina abenduan hamar guttiago daude, 936tik 926 langabetura pasatuz. Industria arloan ere 4 langabetu guttiago daude, 233 denera. Eraikuntzan, aldiz, 6 langabetu gehiago daude, 151. Nekazaritzan 28 lagunetan mantentzen da langabetu kopurua, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 59 lagun daude langabezian, azaroan baino 8 gehiago.
2013 ere urte beltza
2012. urtea 1.367 langabeturekin bukatu ondotik, 2013ko urtarrila egitan ilbeltza izan zen eta 133 lagun gehiago izan ziren langabezian, 1.500eko kopurura ailegatuz lehen aldiz. Otsailean 1.536ra igo zen (+36); martxoan 1.521era jautsi zen (-15); apirilean 1.471 (-50); maiatzean 1.405 (-66); ekainean 1.356 (-49); uztailean 1.331 (-25); abuztuan 1.334 (+3); irailean 1.342 (+8); urrian 1.367 (+25); azaroan 1.397 (+30) eta abenduan kopuru bera.