Azoka ireki nahi du Bidazi elkarteak Alkaiagan prestatzen ari den lokalean

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 9a

Bidazi elkarteak Arantzan egin zuen aurkezpen ekitaldi bat. Artxiboko argazkia

Egoitza apaintzeko argazki eta marrazki bilketa egiten ari da eta saskia zozketatuko du partehartzaileen artean

Joan den udaberritik honat, Bidazi elkartea buru-belarri dabil taldea indarberritzeko asmoarekin. Gaur egun taldearen lehendabiziko helburua azoka bat irekitzea da eta horretarako lokal bat prestatzen ari dira, Alkaiagako poligonoan. Abenduan hasiak dira auzolan lanak (asmoa bazkideen artean egitea baita), eta helburua ahalik eta azkarren irekitzea da.

Joan den udaberritik honat, Bidazi elkartea buru-belarri dabil taldea indarberritzeko asmoarekin. Gaur egun taldearen lehendabiziko helburua azoka bat irekitzea da eta horretarako lokal bat prestatzen ari dira, Alkaiagako poligonoan. Abenduan hasiak dira auzolan lanak (asmoa bazkideen artean egitea baita), eta helburua ahalik eta azkarren irekitzea da. Momentu honetan Bidazik bertze ekimen bat ere martxan jarri du: argazki eta marrazki bilketa bat. Gaia “kontsumo arduratsu eta transformatzailea” da, eta parte hartzaileen artean bertako produktu ekologikoez osatutako saski bat zozketatuko da. Ekimen honekin, bazkideen inplikazioa sustatu, gizarteak egiten duen kontsumoari buruzko hausnarketa bilatu eta azoka apaindu nahi ditu Bidazik. Irudiak e-mail bidez bidali beharko dira info@bidazi.org helbide elektronikora otsailaren 15a baino lehen. Epaimahaia Bidaziko bazkideek osatuko dute eta www.bidazi.org web orriaren bidez hiru lan aukeratuko dituzte otsailaren 15etik 23ra bitarte. Saskiaren zozketaren irabazlearen izena otsailaren 24ko astean jakinarizako dute webgunean. Hortaz gain, argazki edo marrazki bozkatuenak Bidaziko Azoka apaintzeko erabiliko dira, eta bertan egonen dira ikusgai 2014. urtean. 2013. urtean taldearen aurkezpenak egin ziren Bortziriak, Txingudi eta Xaretako hainbat herrietan. Horretaz gain, ekonomia alternatibo eta solidarioaren astea antolatu zuten, hitzaldi eta aurkezpenak emanez (COOP57, Trukeados eta Fiareren eskutik). Lan horren ondotik, 60 bazkide inguru biltzea lortu du elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun