Gorka Urtasun iruritarrak neurria hartua dio Eguberrietako frontoi laburreko buruz buruko erremonte txapelketari. Izan ere laugarren aldiz segidan irabazi du. Urtarrilaren 4an jokatutako final gogorrean 30-21 irabazi zion Julen San Miguel doneztebarrari.
San Miguel 19-8 galtzen joan zen eta denek garaipen erraza aurreikusten zuten Urtasunentzat, baina ez zen hala suertatu. Doneztebarrak lanean segitu zuen eta 22-19ra hurbildu zen. Momentu horretan zabalera egin zuen sakea, baina Urtasunek errestoan tantoa lortu eta berriz ere alde egin zuen markagailuan (27-19). Bertze bi tantu egin zituen doneztebarrak eta tantu erabakigarria etorri zen ondotik. San Miguelek sakea egin eta Urtasunek, sakea bueltatu arren, pasa eskatu du. Aukerako pilota zuen seian doneztebarrak, baina gelditu egin da, pasa zelakoan. Ez du halakorik adierazi epaileak eta hogeita zortzigarren tantua izan da Urtasunentzat. Azken biak ere berak egin ditu, txapela lortuz (30-21). Markagailuak erakusten duena baino partida gogorragoa izan da.
Sari banaketan izan dira Nafarroako Pilota Federazioko Jesus Porron, Remonte Euskal Jai Berri Fundazioko Iñaki Crespo eta Bodegas Olimpia babesleko zuzendari-kudeatzailea, Fernando Pérez de Ciriza.
Jaialdiko lehen partidan, Xanti Utergak eta Endikak erraz irabazi diete Etxeberria IV eta Patxi Olazarri, 40 eta 27.