Gorka Urtasun iruritarra eta Julen San Miguel doneztebarrak jokatuko dute Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketako finala urtarrilaren 4an, larunbat arratsaldeko 5etatik aitzinera Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den jaialdian. Urtasun izanen da faborito, laugarren finala baitu segidan eta aitzineko hiruak irabaziak ditu.
Urtasunek erraz irabazi zuen finalerdietako partida eta frontoi laburrean eta buruz buru bikain moldatzen da. San Miguelek lan gehiago egin behar izan zuen finalerdia irabazteko, hilabete eta erdi baitzeraman geldirik eta normala denez, nabaritu zuen kantxan. Halere, sake zitala dauka doneztebarrak eta hori izanen du bere arma nagusia, nahiz eta iruritarra errestatzaile bikaina izan.
Buruz buruko finala baino lehen, binakako partida jokatuko dute Xanti Utergak eta Endikak, Etxeberria IV eta Patxi Olazarren kontra.
Bederatzigarren edizioa
Aurtengoa, Eguberrietako buruz buruko txapelketaren bederatzigarren edizioa da. Aipatu bezala, 2010, 2011 eta 2012ko edizioetan Urtasun suertatu zen garaile, Lizaso, San Miguel eta Zeberio II menpean hartuta, hurrenez hurren. Lizasok eta Zeberio II.ak bina aldiz irabazi dute (2007an eta 2009an doneztebarrak eta 2005eko lehen edizioan eta 2008an gipuzkoarrak) eta Ezkurrak osatzen du txapeldunen palmaresa (2006an irabazi zuen).