«Garrantzitsua da gaixotasunari buruz ahalik eta gehien jakitea»

Eneritz IRAOLA 2014ko urtarrilaren 9a

Eskualdean barna zaintzaren inguruko hitzaldiak eskaini ditu AFAN-en eskutik. Utzitako argazkia

‘Dementziaren bat duten gaixoak etxean nola zaindu’ izenburupean hitzaldiak eskaintzen ditu Beintza-Labaienen bizi den erizainak. Bi ikuspegiak, adituarena eta zaintzailearena ditu oinarri; 15 urte darama­tza osasun mentaleko sailean lanean eta dementzia duen aitaren zaintzaz ere ardura­tzen da. Gaixotasuna ezagutzea fun­tsezkoa dela dio «zein bidetatik jo behar den jakiteak beti pisua kentzen diolako zaintzaileari». Zaintzaileen galderei erantzun eta baliabideak eskaintzen dizkie bidea errazteko asmoz. 

E. IRAOLA

Nolatan hasi zinen hi­tzaldiak ematen?

AFANeko kidea naiz eta beraiek eskaini zidaten hitzaldiak emateko aukera. Etxean gaixo baten zaintzaz arduratzen diren pertsonei zuzendutako saioak dira eta egunerokoan bizi duten egoera horri aurre egiteko bitartekoak ematea da asmoa. Gehienbat dementzia kasuetan zentratzen gara. Gaixotasun hau zer den azaldu, dituen sintomak ezagutu, prebentzio neurriak ikasi… Garrantzi­tsua da gaixotasunari buruz ahalik eta gehien jakitea, zaintzaileak lasaiago egingo dielako aurre egunerokoan sortu litezkeen egoerei. Hala, bi alderdiek irabazten dute, gaixoa ere hobeto zaindua egongo delako.

Nori zuzenduta daude hitzaldiak?

Gaian interesa duen edonori. Egia da estatistika bat eginez gero, zaintzaile profesional gehiagok partu hartu izan dutela ikusiko genukeela. Hala ere horrek ez du esan nahi, zain­tzaz ardura­tzen den gehiengoa profesionala denik. Aurkakoa da  errea­litatea baina, hi­tzaldietara ahal duena joa­ten da. Gainera krisiaren eraginez, zaintza espezializatuak beherantz egin eta honen ordez, etxean egiten den zaintza gorantz doa.

Zer azpimarratzen duzue hitzaldietan?

Gehienbat gaixotasun honek eragiten dituen sintometan sakon­tzen saiatzen naiz. Gaixotasunak jarrera aldaketa handiak eragiten dizkiete menpeko pertsonei, muturreko egoera batetik bestera pasa litezke istantean: batzuetan portaera agresiboak dituzte, besteetan urduri daude, ez dute lorik egiten edo ekin­tza bat behin eta berriz errepikatzen dute… zaintzaile profesionalentzat ere ez da egoera xamurra izaten, baina zaintzailea senideren bat denean soka estutu egiten da, ez dagoelako distantzia emozionalik. Kasu hauetan batzuei kosta egiten zaie ulertzea, beren aita edo amak, aiton-amonak jokatzen duten moduan jokatzen dutela gaixorik daudelako.

Galera fisikoa nabarmenagoa izaten da...

Autonomia galtzen joaten dira pixkanaka eta laguntza behar dute eguneroko zereginetarako. Horregatik, nutrizioa, garbiketa, ultzeren prebentzioa... ongi egiteko aholkuak ere ematen dizkiegu. Saio dinamikoak egiten saiatzen gara esandakoa praktikatuz. Eta eskariei aurre-hartzen jakiten ikastea ere baliagarria izaten da kasu hauetan.

Pisu emozional handia du zaintzak...

 Gaixoa etxean zaintzeko erabakia hartzen denean kontuan hartu beharreko puntuak daude. Zaintzaz arduratzen dena kateaturik gelditu liteke, bakarrik gelditzeko arriskua ere badu. Iri­tsi liteke laguntza eska­tzen ez duen puntu batetara, hogeita lau orduz gaixoarekin eta gaixoarentzat bizitzera igaro. Zaintzaile profesionala ez den kasuetan, normalean pertsona baten gain egoten da zaintzaren ardura nagusia, eta honek ez du ia atsedenik hartzen. Hori ekiditeko familian bertan, inguruan edota elkarteetan helduleku bat izatea beharrezkoa da. Hitzaldi hauetan berez, ez gara arlo emozionalean zentratzen baina, beti ireki­tzen diot atea arlo horri, jendearen galdera edo keinuetan nabari duzulako behar dutela.

Zein aholku emango zenieke zaintzaileei?

Aurrean duten gaixotasuna ezagutzeko, zein bidetatik jo behar den jakiteak pisua kenduko dielako. Egoera gogorra izan arren, trukean ere asko jasoko dutela eta zerbait esateko beharra badute esan dezatela, barrua askatzeak mesede egiten digulako denoi.  

 

GAI AUKERAKETA

«Zaintzaile profesionalentzat ere ez da egoera xamurra izaten, baina zaintzailea senideren bat denean soka estutu egiten da ez dagoelako distantzia emozionalik. Kasu hauetan batzuei kosta egiten zaie ulertzea, beren aita edo amak, aiton edo amonak jokatzen duten moduan jokatzen dutela gaixorik ­daudelako».

 

AHOLKUAK

 • Gaixotasuna ezagutu: nola jokatu jakiteak estres egoerak gutxitu, zaintza hobea eman eta eskariei aurre hartzea ahalbide­tzen du.

• Hurbilean helduleku bat topatu, indarra eta babesa emanen dizun norbaitengana edo elkarteren batetara jo. 

Hitz egiteko beharra baduzu, ez gorde barrenean.

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun