Doneztebeko Erreka kirol elkarteak, aurten ere, kirola egiten akituko du urtea. Abenduaren 31n, Urtezahar eguneko goizean, ohitura den bezala, Mendaurrera igoko dira. Hitzordua 7:30etan izanen da Autobus Geltokian. 10:30ean taldeko argazkia aterako dute tontorrean. Arratsaldean, San Silvestre lasterketaren zortzigarren edizioa beteko dute Donezteben.
Indar izugarria hartu du San Silvestre lasterketak azken urteetan. Iaz, errate baterako, 116 helduk eta 85 gaztek parte hartu zuten laisterketan.
18:00etan 2000. urtean edo beranduago jaiotakoak aterako dira eta zirkuitoari buelta bat emanen diote. Ondoren helduek 3,5 kilometro laister eginen dute. Irteera eta helmuga Udaletxe ataritik izanen da eta ibilbide guztia herritik barna izanen da. Garaileentzat sariak eta parte hartzen duten guztiei opari bat emanen zaie eta denen artean zozketak eginen dira. Azkeneko hiru urteetan garaileak Iñigo Arregi eta Maika Ariztegi izan dira, baina garrantzitsuena korrikalari eta ikusleen artean bizitzen den giro bikaina izaten da.