Xanti Uterga doneztebarrak eta Ionek irabazi zuten binakako erremonte txapelketa ofiziala, Urtezahar eguneko finalean Galarretan Urriza eta Endikari 31-40 irabazi ondotik. Gisa honetara, Doneztebeko aurrelariak istripu larria gainditu eta txapelketa honetan zurmioko bihurdura izan ondotik, profesionaletako lehen txapela lortu du. Finaleko pilotaririk onena ere Uterga izendatu zuten.
Halere, Urriza tartean izanik, gorriak atera ziren faborito, baina 1-0koan bakarrik izan ziren aitzinetik. 1-11ko partzialarekin ihes egin zuten urdinek eta alde horri eutsi zioten ondotik, nahiz eta 7-11koan edo 18-23koan hurbiltzea lortu zuten gorriek. Baina partidaren bigarren erdian bikaini ibili zen Uterga eta berriz ere aldea lortu zuten urdinek. Doneztebeko aurrelariak 19 tanto egin zituen eta huts bakarra. Endika saldiastarra urduri hasi zen, baina gero ongi moldatu zen gibeleko koadroetan, nahiz eta markagailuari buelta emateko berandu izan ordurako.
Profesionaletan hamabi urte eman ondotik eta azken urtean lan istripu larri baten ondorioz kantxetatik kanpo egon eta gero, lehen txapela lortu du Xanti Utergak. «Espero dut azkena ez izatea» zioen Doneztebeko aurrelariak finala akituta.