Ez omen dira poesiarako garaiak, baina olerki liburu bat ez, bi argitara eman berri ditu Luis Garde idazle doneztebarrak. «Bi-biak hagitz diferente dira, bai elkarren artean bai orain arte argitaratu ditudan lanei dagokienez» aipatu digu Gardek.
Lehenengoa, Maizter arrotza, duela urte bete Bilboko Udaletxearen “Blas de Otero” saria jaso zuena, Erein argitaletxeak editatu du. «Beti izan dut buruan bueltaka euskaldunok dugun etxearen mito zaharra –dio egileak–. Gaztea nintzelarik eragin handia izan zuen bai nigan bai nire inguruko lagunengan Arestiren “Nire aitaren etxea defendituko dut” poema epiko hura… Behar horretan ikusten genuen nonbait gure etorkizuna, euskal etxearen etsaien kontrako borroka agoniko hartan… Orain, hainbertze urteren bueltan, zertan geratu dira baieztapen sutsu haiek?». Poema batzuetan kontrajartzen du amets hura eta gure gaurko etxekaleratzeen errealitatea. Poema haren borrokatzailea politikoki, ideologikoki eta moralki desahuziaturik ikusten du Luis Gardek.
Bigarrena, Trenen abiadura, Pamiela etxeak argitaratu du. Bi poema luzek osatzen dute liburu hau. Egilearen erranetan, «biak aski narratiboak dira, haietako banatan argudio bat garatzen da; hain zuzen trenez egindako bidaia bat». Lehenengoan bizimodu motelaren laudorioa egiten du: «gaurko bizimodu presatiak paisaia lasai ikuskatzeko astirik ez digu uzten; nire ustez hori boterearen estrategia da: banakako hausnarketarako ahalmena galtzen badugu, gero eta manipulagarriagoak izanen gara». Bigarren poeman maitasunaren laburtasunaz idazten du: «Horretarako pasadizo bat asmatzen dut, trenez Veneziarat egindako bidaia batean elkar ezagutzen duten bi arima bakartiren bidez, hain zuzen».
Berriki epaitutako eta zigortutako nafar tartalariei eskaini nahi die azken liburu hau Luis Gardek, «bertan, finean, abiadura gizatiar baten alde, hau da, tren motelen alde egiten baitut».