Abenduaren 17an banatu dira Bertiz Partzuergotik urrian antolatu zen Baztan-Bidasoa I. argazki lehiaketaren sariak. Lehiaketaren helburua, zonaldeko landa turismoa promozionatzeko hain garrantzitsuak diren argazki ikusgarriak eskuratzea zen eta mundu guztiari irekita zegoenez, baita jendea inguratzen gaituzten paisaia eder hauei argazkiak ateratzera animatzea ere. Denera hamar argazkilariren 25 lan aurkeztu dira lehiaketara.
Epaimahaia, Izaskun Goñi, Bertiz Partzuergoko kudeatzailea, Mª Joxe Iparragirre, Hiruak Bat landetxe elkarteko lehendakaria, Josu Inziarte, Itxusi argazkilari elkarteko kidea, Patti Martínez, Ekilur Komunikazioko arduraduna eta Diana Iniesta margolariak osatu zuten eta bilatzen ziren helburuak bete ez zirelako, lehenengo saria hutsik uztea erabaki zuen arren, bigarren saria (Bi pertsonentzako otordua Iruritako Olari jatetxean), Iruritako Pello Iriarteren argazkiari eman zioten eta hirugarren saria berriz, Pello San Millan-en argazkiari. Eta sari hauetaz gain, irabazleen argazkiak, Bertiz Partzuergoa joaten den Turismo feria guztietan (Fitur-Madril, Navartur-Iruña, Sevatur-Donostia, Expovacaciones-Bilbo…) eta inguruko Turismo bulegoetan banatzen den Baztan-Bidasoko Baliabide gidan argitaratzeko aukera eta partaide guztientzat opariak ere banatu dira.
Argazki irabazleak ikusi nahi dituenak, Baztan-Bidasoa Baliabide gida berria eskuratu dezake doan, zonaldeko edozein Turismo bulegoetan.
Lehiaketara aurkeztu beharreko argazkien gaia zabala zen, Baztan-Bidasoko Landa Turismoari lotuta zegoen edozein argazki aurkezten ahal baitzen (Paisaiak, ohiturak, herriak, gastronomia, bide berdea, bestak, landetxeak, errotak, lezeak, naturguneak, alojamenduak, museoak, aktibitateak, oinezko ibilbideak…) eta urriaren 1etik 18ra bitartean aurkeztu ahal izan ziren argazkiak.
Datorren udara begira, epe luzeagoa izango duen lehiaketa berri bat ere antolatuko dela aurreikusten da, turistei ere argazkiak aurkezteko aukera emateko eta udaberri aldera ere, argazkilaritza ikastarotxo bat eginen da seguraski Bertiz Partzuergo Turistikoko bazkideei zuzendua.