Oinezko eta txirrindulazaleek Bidasoko trenbide zaharreko bide berdean 33 kilometro gehiago dituzte erabilgarri abenduaren 20tk aitzinera, Endarlatsa eta Bertiz Natur Parkearen arteko zatia ireki baitzuten ofizialki. Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariak, Luis Zarraluquik, Garbiñe Elizegi Baztango alkate eta Bertizko Partzuergoko presidenteak eta Izaskun Goñi gerenteak moztu zuten zinta ibilbidearen irekiera-ekitaldian. Izan ere, proiektua Bertizko Partzuergo Turistikoak sustatu du Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren laguntzarekin.
Ibilbidea berreskuratzeko lanak egiteko 830.000 euroko inbertsioa egin behar izan den arren, Bertizko Turismo Partzuergoak 2011ko udan egin zuen azterlan batean kalkulatutakoaren arabera, bide berdeak eskualdeari 796.000 euroko itzuli zizkion urte hartan eta, itxura guztien arabera, itzulera oraindik handiagoa izan liteke egindako inbertsioarekin. Izan ere, orain Bertizetik Lapurdiko Hendaia eta Getaria bitarte ere joan daiteke bizikletan.
Jarduera guztietarako erabili diren 830.000 euro horietatik, 730.000 euro Alkaiagako lurpeko pasabidea egiteko obretarako, eta pasabidea egokitzeko eta argiztatzeko erabili da, eta 100.000 euro ibilbidea sustatzeko ekintzetarako.
Zehazki, obren partidaren % 65 Europar Batasunak finantzatu du eta % 35 (255.940 euro) Nafarroako Gobernuak. Ibilbidea sustatzeko ekintzetara bideraturiko 100.000 euroren partidatik % 65 Europar Batasunak finantzatu du eta gainerako % 35 Bertizko Turismo Partzuergoak.
Alkaiagako lurpeko pasabidea izan denez inbertsiorik handiena bertan egin zuten zinta mozte ekitaldia eta gero Lesakako Bereauako zubira, garai bateko estazio ingurura joan ziren, herriz herri jarri diren informazio paneletako bat ikustera.
Egindako lanak
Ibilbidea prestatzeko egindako lanik garrantzitsuena lurpeko pasabidea egitea izan da, N-121-A errepidearen azpitik doana, Alkaiaga inguruan. Era berean, ibilbidean zehar seinaleak jarri, tunelak argiztatu eta bide berdea igarotzen den leku batzuetan hainbat egokitzapen-lan egin dira. Gainera, erortzeko arriskua dagoen tarteetan babesteko barandak ere jarri dira.
Hurrengo fasea ibilbideak Iruñerantz segitzeko aurreproiektua egitea izanen da, Bidasoko bide berdea eta Plazaolakoa batuko dituen ibilbidea eginda, Saldiastik hasita, Orokieta parean. Horretarako, trenbidearen plataforma zaharra berreskuratu, zaharberritu eta egokitzeko lanak egingo direla aurreikusi da, baita jatorrizko trazadura desagertuta duten tarte berriak eraikitzeko ekintzak ere. Bide berdea Eurovelo proiektuko bideetako batzuk dira. Proiektu hori kontinente osoa zeharkatzen duten bizikletaz ibiltzeko hamalau ibilbide nagusi egokitzeko Europar Batasunaren ekimena da.
Bidasoko bide berdea
"Tren txikito" izenez ezaguna den trenak zeharkatzen zuen Bidasoko trenbidearen ibilbideak 49 kilometro ditu, horietatik 42 Nafarroan, Endarlatsa eta Elizondo artean, eta Lesaka, Igantzi, Sunbilla, Doneztebe, Bertizarana (Narbarte, Legasa eta Oieregi) eta Baztan (Oronoz, Arraioz, Lekaroz eta Elizondo) herrietatik igarotzen da. Gipuzkoako zatiko 7 kilometroak Gipuzkoak Foru Aldundiak berreskuratu zituen 2009an. Hala, gertuengo tarteetan jarri zen abian bide berdea, eta ibiltzeko modukoak dira. Doneztebe eta Elizondoren arteko bidea egokitzeko bigarren UPS bat egin beharko litzateke.