Enrique Tabernari eman diote Santa Luzia eguneko Zilarrezko Titarea Donezteben

Ttipi-Ttapa 2013ko abenduaren 13a

Enriquek joaterik izan ez duenez, Virtudes Etxebeste koinatak hartu du bere ordez titarea eta lore-xorta, Ana Etxeberria zinegotziaren eskutik. Utzitako argazkia

Istripu baten ondorioz ezin izan du elizara joan eta Virtudes Etxebestek koinatak jaso du bere ordez

Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz, Santa Luziako feria ospatu da Donezteben abenduaren 13an. Meza Nagusiaren ondotik Zilarrezko Titarea eman dio Doneztebeko Udalak Enrique Taberna jostunari. Baina Enriquek istripua izan du aste honetan eta ezin izan du elizara agertu. Ondorioz, Virtudes Etxebeste koinatak jaso du titarea eta lore-xorta Ana Etxeberria zinegotziaren eskutik. Ikusi argazkiak

Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz, Santa Luziako feria ospatu da Donezteben abenduaren 13an. Meza Nagusiaren ondotik Zilarrezko Titarea eman dio Doneztebeko Udalak Enrique Taberna jostunari. Baina Enriquek istripua izan du aste honetan eta ezin izan du elizara agertu. Ondorioz, Virtudes Etxebeste koinatak jaso du titarea eta lore-xorta Ana Etxeberria zinegotziaren eskutik. Ikusi argazkiak

Bitartean, elizatarian eskulangileen erakusketa eta salmenta postuetan Aitziber Erasun (metalak), Santiago Hualde (egurra), Fausti Juanikorena (jantzigintza), Itziar Smith (telarrak), Jose Luis Arozena (laxoa), Malu Alvarez (zilarra), Andreu Smith (postalak), Jose Luis Olaizola (egurra), Eneko Rabina (ogia), Carlos Mindegia (gazta), Jon Olaizola (egurra), Bittoriano Arzuaga (artilea) eta Joxepa Loiarte eta Zubietako taldearen taloak izan dira, baita Peralta eta Faltzesko baratzuriak ere.

 

14 urtetik josten

Enrique Taberna Vera 1928ko apirilaren 1ean jaio zen. Bertze bi anai ditu, Javier eta Honorio, hauek ere josgintzarekin harreman zuzena dutenak. Aita sunbildarra eta ama doneztebarra zituen. Tabernak ongi gogoratzen duenez, 14 urterekin hasi zen josten, 1942ko urriaren 8an. Hasieran gauza ttikiak egiten zituen baina abudo hasi zen trajeak, amerikanak eta galtzak josten. Taberna familiako senideez gain, bertze langileak ere izaten zituzten tailerrean, zortzi bat lagun, gizaseme nahiz emakumeak.

Iruñeko sastreri batera ere joan zen lanera, josgintza eta mozketa hobetzeko asmoarekin. Gainerakoan, Javier eta Honorio anaiekin lanean aritu zen. Baina Donezteben ez ezik, Malerreka eta inguruko herrietara ere joaten ziren arropa saltzera, astoa zamatuta. Tabernak gogoan duenez, «garai batean inguruko gazteak Frantziara joaten ziren lanera, basora, eta haiek bueltatzen zirenean trajea enkargatzen zuten, bazkotan eta bestetan estreinatzeko».

Josgintzari emandako bizitza baten ondotik, 85 urterekin erretiratua dago eta pasiatzea da bere zaletasun nagusia. Elizara joaterik izan ez badu ere, eskerrak eman nahi izan dizkie omenaldi honetarako beretaz gogoratu diren guziei.

Bere biografia “ofizialaz” aparte, doneztebarrek ongi gogoan dute Enrique Tabernaren sasoia eta indarra eta Bear-Zana pilotalekuan, lehenbiziko koadroan belauniko jarri eta harria paretaren gainetik botatzen zutela aipatzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun