Iraganean mendi eta basoetan egindako lana oinarri, Beintza Labaienen aizkora apustuak ikusteko aukera izaten da maiz.
Azaroaren 23an proba berexia burutu zen Labaiengo plazan, Jose Luis Telletxea herritarra protagonista zela. 65 urte betetzeko punttuan, bere marka pertsonala egin nahi izan zuen aizkorari agur erran aurretik. Zortzi kanaerdiko moztu zituen 26 minutu eta 34 segundotan, hurbildu ziren auzotarrak testigu. Bertan zegoen epaileak akta jaso zuen markaren lekukotasuna utziz.
Hitzordu honekin agur erraten dio urteetako ibilbideari. Baso lanetan aritutakoa eta plaza askotan erakustaldiak egindakoa, Nafarroako 2. mailako hiru txapelketatan parte hartu zuen. Nahiz eta gaztetik etorri afizioa, berrogei urterekin hasi zen buru belarri Herri Kirol Federazioaren eskutik. Herrian burutu diren aizkora apustu askotako antolatzaile eta partehartzaile sutsua izatera eraman du kirol honengatik duen zaletasun handiak. Horregatik, 2008an omenaldia ere jasotakoa da bertze bi herritarrekin batera.
Proba ondotik, hamabost lagun inguru bildu ziren Itur Ondo elkartean, bazkari on batekin ospatuz.