Herri ttikia baita, liburu gutxi eskribitu izandu du hemengo jendeak. Bakarren batek halakoren baten ezagutza baldin badu, pozik hartuko nuke horren berri.
Jende handien kontuak ekarriko ditut oraingo aldian. Izan ere, XIX. gizaldian liburuak ateratzea halakoen esku bakarrik zegoen.
Juan Jose Erasun Mutuberria Apezenean jaio zen, eta apaiza izan zen bere bizian. Familia onekoa izan behar zuen, eta ikasketa handiak egin zituen, baita zenbait lan argitaratu ere. Harena da hilerrian dagoen harrizko panteoia. Don Tomas zenak eta Xabier Erizek haren obra ikertua dute bakoitzak bere aldetik. Hain zuzen, Jose Erasun horrenak dira saldiastar batek idatzitako lehen gauzak. Tradukzioak edo itzulpenak egin zituen gehienetan.
BOST LAN, BEDEREN, EGIN ZITUEN
Zugarramurdin urte batzuk eman zituen apez, eta erdaratik dotrina bat itzultzeko agindu zioten, baita idatzi ere, 1857. urterako. Hura da ezagutzen zaion lehen lana, eta Zugarramurdiko euskaran dago eskribitua. Urte horretan bertan, Saldiasera etorri zen ofizioetara. Handik urte batzuetara, Orreaga baladaren itzulpena egin zuen, eta Saldiasko euskaran paratua dagoela ematen du. Zortzi pasarte ditu, eta honatx lehenbizikoa:
“Gauerdia. Erregue Carlomano Auritz-berrin dago bere ejerzituarequin. Ceiru illunin ezta agueri ez illarguiric eta ez izarric: urruti suzco gar aundiac diztaiatcen dute mendiartean; Fransesac cantari daude errian; Altabizcargo ingruetan aditcen dire otsoaren izugarrizko auriac, eta Euscaldunac zorrozten ttuzte bittartin beren tirarmac ta aizcorac Ibañetaco arraitcetan”.
Delako balada horren lana Luziano Bonapartek agindu eta ordaindu zion. Luziano hori Napoleonen iloba zen, eta hizkuntzen gainean estudio handiak egiten zituen Europa guzian. Euskara herri batetik bestera nola aldatzen zen ikasi nahi zuen, eta, horretaz, herrian herriko jendeari agintzen zion honelako edo halako lanak traduzitzeko, eta berari entregatzeko.
DOTRINA BATEN ITZULPENA
1881. urtean, Elizaren bitartez atera zuen Jose Erasunek beste lan bat, Iruñean, zentsura pasatu eta gero. Elizak ontzaz eman behar izaten zituen liburuak argitaratu baino lehen, inor ez zedin haren haritik bereizi, eta ematen du dena ez ziotela ametitu. Liburuaren hasieran, agiri bat heldu da zentsura ongi pasatu zuela dioena, baina gauza ttikiren bat edo beste ez ziotela ametitu; ez dute esaten zer, bestela ez zen zentsura izanen!
Liburua bera dotrina baten itzulpena edo tradukzioa da, eta itzulpenaren aurretik, Erasunek pare bat orritan esplikatzen du euskaraz eskribitzeko zer letrak ibili zituen. Konparazio batera: orain, xuri idazten dugu, eta hark ssuri eskribitu behar zela esan eta halaxe eskribitu zuen. Eta orri pare horretan egin zioten, duikabe, zentsura. Ohar guziak ez zizkioten onartu, nonbait.
Laugarren lan bat: otoitz egiten ikasteko lan bat ere entregatu zuen Iruñean, baina horren arrastorik ez da egundaino.
Bosgarrena, gaztelaniaz: dotrina otsailean argitaratu zioten, eta handik bi hilabetera, Revista Euskara izeneko aldizkarian, haren lan bat agertu zen, euskaraz eskribitzeko zer letrak erabili behar ziren esplikatzeko. Beharbada, lan horretan egongo dira dotrinan zentsuratu zizkioten oharrak.
Dotrinaren pasarte bat ekarriko dut honata, nola egina den erakusteko (ez dut harrapatu esaldi bat bera ere elizako hitzen bat ez dakarkina, baina ez diogu zentsurarik eginen): “Muttikoak eta nesskakoak ikasiko dute Katezismo au memoriaz; baño persona aundituak oroitzen direnak lenago ikasi zuten dotrinaz, leituko dute au beiñ eta berriz konsiderazioarekin”.