60 lagun inguru bildu ziren Zubietako herriko estalpean azaroaren 30ean, Xorroxingo langile, berriemaile eta laguntzaileek urtero egiten duten bazkarian. Goiz-goizetik lurreko sua piztua zuten eta eguraldi hotz eta euritsuari aurre eginez, giro onean joan zen otordua, kontu kontari. Xorroxingo langileen eta udalaren laguntzarekin prestatu zuten mahaia eta giro onean pasatu zuten bazkaria eta bazkalondoa.
Aipamen berezia merezi zuen Juliana Mutuberriak, 13 urtez Zubietako berriemailea izan baitzen eta gaur egun hala ez bada ere, bazkarira gonbidatu baitzuten. Beti bezala umoretsu ibili zen Juliana.