Eguberriak ate joka ditugu eta etxeetan laister hasiko dira pinuak, jaiotzak eta apaingarriak jartzen. Haurrak olentzerori eskutitza idazten ariko dira. Egun horietan hainbat ospakizun izanen dira. Eguberriak hasteko Pulunpa eskolakoak hainbat kantu, ikuskizun, dantza ariko dira prestatzen azkeneko egunean guraso, irakasle, ikasle eta herritarrei erakusteko.
Eguberri bezperan Aurtitzen eta Iturenen arratsalde partean Olentzero hartu eta kalez kale ibiliko dira gaztetxoak, Eguberrietako abestiak kantatuz. Azken urteetan Iturenen olentzeroren bisita ere jasotzen dute. Horretarako sekulako ongi etorria prestatzen dute, herriko joaldunak suziak eskuetan dituztela ibiltzen dira eta herriko argiak itzali egiten dituzte. Bidenabarrean plazan jaiotza antzezten dute.
Errege bezperan akituko dira Eguberrietako ospakizunak. Arratsaldean gaztetxoak joareak astintzen hasiko dira, Aurtizko eta Iturengo xoko eta bazterrak goxatu eta alaitzen. Gau partean helduen txanda izanen da, Aurtiz, Ituren eta Zubietara bixita eginez. Joare soinuez gain, parrandarako aukera ere izanen da Errege bezperan.