Euria goian behean hastean, errekak arreta gune bihurtzen dira eskualdean. Gainezka egindako urek hamaika kalte eragin dituzte historian zehar. Europatik bultzatuta, ikerketa egin du berriki Nafarroako Gobernuak eta arreta gune nagusiak kokatu, konponbide zehatzak aurkeztu eta hondamenari aurre hartzeko neurriak proposatu dituzte. Erreken egoeraren berri izateko bidea zabaldu du ikerketak eta irtenbideetako batzuk gauzatzeko zailtasunak egon arren guztiak bildu nahi izan ditu TTIPI-TTAPAk.
«Uholde arriskua handia da eskualdean eta egoera okertzean erantzuteko denbora tarte txikia izaten da» azaldu digu Gloria Roblesek Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendurako Saileko Uraren Zerbitzuko Teknikariak. Hondamenari aurre hartzeko asmoz, eta Europatik sustatuta, Bidasoa errekaren eta inguruko errekatxoen azterketa egin dute erreken ebaluazio, gestio eta antolamendu hidraulikoa egin asmotan. Orain arte 2005ean egindako ikerketak hartzen zituzten oinarri, baina aurrerapen teknologikoek egoeraren ikuspegi zehatzago bat egiteko aukera ahalbidetu dute. Azterketa hau egiteko, eskuragarri dagoen hirigintzako informazio guztia hartu dute kontuan. Informazio topografiko eta kartografikoa, uholdeen azterketak, datu publiometrikoak eta foronomikoak... eta ibaiaren dinamikaren azterketa bat ere egin da. Horretaz gain hemerotekako datuak eta kalteak izan dituzten herrietako galdeketen emaitzak ere baliatu dituzte. Guzti honekin azterketa hidrologiko bat egin da eta itzulera aldiak kontuan hartuta uholdeak non, nola eta zergatik gertatzen diren ikertu dute.
ZER DA ITZULERA ALDIA?
Ezohikoak izan eta ondorio larriak eraginen lituzketen bi gertaeren arteko denbora tartea neurtzeko erabiltzen den balioa da. Emari jakin batetik gorako bi ur erauntsi handiren arteko tartea.
Bildutako informazioarekin, uholdeak ekidin edota kalteak gutxitzeko neurri zehatzak proposatu dituzte. Dena den, krisiaren eraginez eta hirigintzarekin zerikusia duten oztopoak medio, proposamen horietako batzuk aurrera eramatea zaila izanen dela onartzen dute. Hori dela eta, «inoiz baino garrantzitsuagoa da prebentzio kanpainak indartzea, babeserako neurriak ezartzea eta gertakarien aurrean herritarrei prest egoteko bitartekoak ematea» dio Roblesek. Uholdeen aurreikuspena egin eta alerta goiztiarrerako sistemak sustatzea da helburua. Horretaz gain, Lurraldearen antolamendu egokia egitea ere ezinbestekotzat jotzen du Roblesek, «azken hamarkadetako hirigintza arau malguen ondorioz, erreka bazterretan eraiki da, aunitzetan ibaiaren bide naturala oztopatuz. Horrek larritu egin ditu ur-goraldiek eta uholdeek eragindako kalteak. Hala, biztanleria gehien dagoen eremuetan daude arazorik larrienak: Elizondo, Irurita, Lesaka, Doneztebe, Bera eta Etxalarren».
OZTOPOAK
«Ingurugiroarekin jasangarriak diren irtenbideak bilatu behar dira eta aurrekontuetan ere murrizketak izan dira. Gainera ibaietatik oso hurbil dauden lur eremuetan eraiki izana da arazo nagusienetakoa eta hori konpontzeko, etxebizitza aunitz erautsi beharko lirateke eta hori ez da bideragarria»
Gloria ROBLES
Ez daude irtenbide errazak. Presak, dikeak eta kanalizazioak eraiki izan dira urteetan zehar baina neurriak ez dira eraginkorrak izan. «Oztopoak ere aunitz, ingurugiroarekin jasangarriak diren irtenbideak bilatu behar dira eta aurrekontuetan ere murrizketak izan dira. Gainera ibaietatik oso hurbil dauden lur eremuetan eraiki izana da arazo nagusienetakoa eta hori konpontzeko, etxebizitza aunitz erautsi beharko lirateke eta hori ez da bideragarria» azaldu digu Roblesek. Horregatik, prebentzioa ezinbestekoa bihurtzen da. «Garai batean, neurri estrukturalak hartzen ziren, arazoa desagertaraztea zen asmoa, baina aunitzetan urek berriro gainezka egiten zuten. Horregatik gaur egun, arazoa ezabatu baino arazoarekin bizitzen ikastea da helburua».
PREBENTZIOA
«Arriskuarekin bizitzen ikasteari geroz eta garrantzia gehiago ematen zaio. Eskura dauden baliabideak erabili eta arrisku egoera bat gertatu aurretik herritarrei garaiz abisu emateko bideak garatu behar dira».
Gloria ROBLES
UHOLDE ARRISKUAN DAUDEN GUNEAK
ELIZONDO:
ERREKA: Baztan.
ARAZOA DAGOEN GUNEA:
- Txokoto eta Giltxaurdi zubiak.
- Baztan erreka gainean eta alboetan eraikitako etxebizitzak.
IRURITA:
ERREKA: Artesiaga.
ARAZOA DAGOEN GUNEA:
- Herrigunea zeharkatzen duen ubidearen eskuin aldea.
- NA-174 errepide zatia.
LESAKA:
ERREKA: Onin eta Bidasoa.
ARAZOA DAGOEN GUNEA:
- Ubidearen bi ertzak eta herrian barna daden zubixkak.
- NA-4000 errepide zatia.
ETXALAR:
ERREKA: Tximista eta Bidasoa.
ARAZOA DAGOEN GUNEA:
- Herrigune hasieran ubidearen hestutzea.
- NA-4400 errepide zatia.
BERA:
ERREKA: Ibardin, Zia eta Bidasoa.
ARAZOA DAGOEN GUNEA:
- Pio Baroja, Altzate, Errotazar karrikak.
- Bera eta Lesaka arteko industria gunea.
- N-121, NA4410, NA1310 errepideak.
DONEZTEBE:
ERREKA: Ezkurra, Bidasoa, Ezpelura.
ARAZOA DAGOEN GUNEA:
- Hiru ibaien ertzak.
- San Tiburtzio presa.
SUNBILLA:
ERREKA: Bidasoa.
ARAZOA DAGOEN GUNEA:
- Bi ibaien ertzak.
*Datu-iturria: Nafarroako Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioa.
ETXALAR: Santxiñeneko erreka inguruan erreka zabaltzea eta presa ezabatzea proposatzen du ikerketak
Uste okerrak ere utzi ditu agerian ikerketak, Etxalarko kasuan presa jotzen zuten herritar aunitzek uholdeen eragile nagusitzat, baina Santsineneko erreka iristen den gunetik hurbil Tximista errekaren estutze naturala da urek gainezka egitearen eragilea. Errekaren ibilgua zabaltzea proposatzen dute, presa ezabatzea eta pasabide bat ordezkatzea.
ELIZONDO: Giltxaurdi eta Txokoto inguruan proposatzen dituzte aldaketak
Baztan errekak gainezka egiten duenean kalteak eragiten ditu herrigunean.Txokotoko presan pilatutako harriek eta zubiaren izkinetan eraikitako etxebizitzek errekaren zabalera estutu eta emaria oztopatzen dute. «Eraikinak botatzea» litzateke arazoa konpontzeko modua, baina eremua ondare kultural izendatuta dagoenez, ezin da holakorik egin. Giltxaurdiko zubiak ere ez du gaitasun nahikorik. Horregatik Giltxaurdiko zubia 0,5 metroko zabalerako pasabide batekin ordezkatzea eta gorago erreka zabaltzea proposatzen dute. Txokotoko presa ezabatzea eta pilatuta dauden sedimentuak kentzea eta herrigunea babesteko egiturak eraikitzea ere gomendatu dute.
LESAKA: Onin erreka gurutzatzen duten zubiek gaitasun ttikia dute uholdeari bidea uzteko
Egindako azterketak erakutsi du zubiek gaitasun txikia dutela. Azterketaren arabera, hamar urteko ‘itzulera aldia’ baino lehenago ura zubien gainetik ibiltzeko arriskua dago eta, horregatik, aldaketa batzuk egitea irtenbidea izaten ahal dela uste dute ikerketaren egileek. Babeserako pareta egitea proposatzen dute Antoiu karrikaren perpendikular 68 metroko luze eta 1,5 metroko altuerakoa eta babeserako bertze pareta bat eraikitzea Landazelaietako parean. Gainera, frontoitik Irubide aldera doan bideari altuera gehiago eman eta erreka bazterra sendotuko balitz, zati horretan urak gainezka egitea saihestuko litzateke tekniko hauen aburuz.
BERA: Ez dute soluziorik proposatzen Zia eta Ibardin errekak gainezka egiten dutenerako
Ibardin eta Zia errekek gainezka egiten dutenean Berako karriketan nabaritzen dira kalteak: Pio Baroja, Altzate, Errotazar eta Lizuniagako errepideetako zati batzuetan. Bidasoak gainezka egitearen ondorioak ere sumatzen dira N121A errepidean (Ubela aldea), Zubixabal parean eta Bera eta Lesaka arteko industria guneetan. Puntu kritikoetako bat Alkaiagako industrialdea eta Zalain-Bera arteko zubia da, 100 urteko itzulera aldian ez luke uholdea jasateko gaitasunik izanen. Higadura arazoak ere nabari dira ezkerraldeko ezpondan.
Itzulera aldi laburretan, Zia errekak eta Ibardingoak arazoak sor ditzakete. Kasu horretan karriketan ibiliko liratekeen urak norabide aunitzetan ibiliko zirenez eta sozialki ere neurriek inpaktu handia sortuko luketelako (ikusi irudiko geziak), ez da neurri zehatzik proposatzen.
SUNBILLA: Uhaldearen ertzetan pantaila mugikorrak jartzea proposatzen dute
Uholdea datorrenean uhaldeak bi aldeetara egiten du gainezka, baina arazo larrienak eskuin aldean sortzen dira. Uhalde bazterreko etxeen tipologiak berez babes estruktura bat sortzen du, baina gehiago babesteko, pantaila mugikor bat jartzea proposatzen dute. Hortaz aparte, NA121A errepidearen gainaldea sendotzea proposatzen dute.
DONEZTEBE: Babeserako paretan jartzea eta estolderia sistema aztertzea, araro larriagorik ez izateko
Ezkurra, Ezpelura eta Bidasoak gainezka egiten dutenean Donezteben kalte larriak sortzen ahal dira. Horregatik babeserako paretak egitea gomendatzen dute azterketaren egileek. Babesgarri finkoak ahal den lekuetan eta bertzeetan mugikorrak paratuko lirateke kalteak gutxitzeko asmoz.
Estolderia sistema ere aztertu beharko litzateke, ura karriketara iritsiko balitz arazoa larriagoa izan ez dadin. San Tiburtzio presak ere uholde kasuetan izan dezakeen eragina aztertu dute eta ur emaria handia denetan presako ateak irekiko direla ziurtatzeko neurriak hartzea zehaztu dute.
IRURITA: Artesiaga
Artesiaga errekak gainezka egiten duenean kalteak eragiten ditu erreka bazterreko karrika eta etxeetan. Gora behera handiak sortzen dira,urak gainezka egin eta NA174 errepide zati bat hartzen duenean, hori konpontzeko errekaren ertzak babestea proposatzen da.