Irailaren 29an hasi zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVI. edizioa eta geroztik egin diren 13 saioren ondotik, zortzi bertsolarik kantatuko dute igande honetan Barakaldoko BEC aretoan jokatuko den finalean, 13.500 bertsozaleren aitzinean. Maialen Lujanbio egungo txapelduna (Hernani), Aitor Mendiluze (Andoain), Aitor Sarriegi (Beasain), Amets Arzallus (Hendaia), Beñat Gaztelumendi (Añorga), Igor Elortza (Durango), Sustrai Colina (Urruña) eta Unai Iturriaga (Durango) ariko dira bertsotan. Goiz eta arratsaldeko saioa izanen da. Goizean 11:00etan hasiko da eta arratsaldean 16:00etan. Aurkezle lanetan ariko direnen artean, bat izanen da eskualdekoa: Alaitz Rekondo lesakarra.
Autobusak
Finalera joateko Euskal Herriko hainbat txokotatik autobusak antolatu dituzte eta gure eskualdetik lau herritatik aterako dira: Doneztebeko autobus geltokitik 07:40an aterako da, Elizondoko autobus geltokitik 07:30ean, Leitzako autobus geltokitik 08:00etan eta Lesakatik, suhiltzaileen parkearen ondotik 08:00etan.