Eguberriei begira lanean ari dira eskualdeko komertzianteen elkarteak

TTIPI-TTAPA 2013ko abenduaren 11

Egutegiak, zozketak, aterkiak, erakusleiho lehiaketak edo loteria partizipazioak eskaintzen dituzte

Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako Komertzianteen Elkarteek elkarrekin auto baten zozketa antolatu dute. Baina lau elkarteek eta Leitzako Kaxkabeltzak, bakoitzak bere aldetik ere kanpainak antolatu dituzte gainean ditugun Eguberriei begira.

Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako Komertzianteen Elkarteek elkarrekin auto baten zozketa antolatu dute. Baina lau elkarteek eta Leitzako Kaxkabeltzak, bakoitzak bere aldetik ere kanpainak antolatu dituzte gainean ditugun Eguberriei begira.

Baztango Bertan elkartean dagoeneko prest dute 2014ko egutegia, argazki lehiaketako irudirik onenekin osatua. Baina horrez gain, bonoetan 2.500 euro zozketatuko dituzte: 200 euroko bortz bono eta 100 eta 50 euroko hamarna bono. Horretarako, Bertaneko zigiluekin txartel batzuk osatu beharko dira eta zigiluak erosketak eginez lortu ahal izanen dira. Zozketa abenduaren 26an eginen dute eta bonoak urtarrilaren 6a baino lehen gastatu beharko dira.

Berako Larun Haizpe Elkartekoek aterkien kanpaina abiatu dute. 64 aterki banatu dituzte elkarteko denda eta zerbitzuetan eta aterkia behar duen bezeroak hartzeko aukera izanen du, eta hartu duen tokira itzultzeko modurik ez badu, bertze denda edo zerbitzuren batean utzi ahal izanen du.

Doneztebeko Doneztebarrak Elkartean, abenduaren 28an Kriston zozketa eginen dute opari ederrak zozketatuz eta ondotik, txistorrada eginen dute. Boletoak bazkide diren saltokietan erosketak eginez lortu ahal izanen dira. Erakusleiho lehiaketa ere eginen dute eta botoa ematen duten guztien artean bertako produktuen saski bat zozketatuko dute. Eta Erregeen kabalgatan karroza ba­tekin parte hartuko dute.

Leitzako­ Kaxkabeltza Elkartean, bost sari eskuratzeko aukera izanen dute urtarrilaren 4ra arte Leitzako dendetan erosten dutenek: 350 euroko saria, 250 eta 150 euroko bonoak eta 75 euroko bi sari. Zozketa urtarrilaren 5ean eginen dute.

Lesakako Zerbitzuen Elkartean, azkenik, abenduaren 2az geroztik elkarteko denda edo zerbitzuetan egiten den erosketaren truke loteriarekin saritzen dituzte bezeroak. Abenduaren 24an, berriz, Olentzerorekin eta Jaiotzarekin plazara atera eta hobekien kantatzen duten taldeei 100 euroko sari bana emanen diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun