Kritiko mintzatu da EH Bildu tokiko erankudeen antolaketaren harira mahai gainean dauden proposamenekin eta halaxe adierazi zuen asteazkenean egindako prentsaurrekoan. Nafarroako tokiko erakundeen antolaketarekin lotuta bi lege tramitatzen ari dira Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Nafarroako Toki Admnistrazioa Berrantolatzeko Lege Proiektua, eta bertzetik PSNk aurkeztua duen Toki Admnistrazioa berrantolatzeko, sinplifikatzeko, modernizatzeko eta demokratizatzeko Foru Legerako Proposamena. Parlamentuan ponentzia bat ere eratua da horren inguruan. Gisa berean, estatu mailan Alderdi Popularrak Proyecto de Ley de Racionalizacion y Sostenibilidad de la Administracion Local izeneko proiektua onartu eta tramitatu du.
EH Bilduk ez ditu begi onez ikusten hiru lege horiek: «UPNren, PSNren eta PPren legegintza ekimen horiek, oro har, udal autonomiaren aurkako bertze kolpe bat ekarriko lukete. Toki entitateak eskumenik gabe utziko lituzkete eta horiek direnez herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, herritarrei ematen dizkieten zerbitzu aunitz murriztu edo desagertuko lirateke». Halaxe adierazi zuten atzo EH Bilduko Nafarroako hainbat udal ordezkarik prentsaurrekoan, tartean Garbiñe Elizegi Baztango alkateak eta Severino Txoperena Lesakako zinegotziak.
Nafarroako erakundeen egitura gaur egungo errealitate ekonomikora eta sozialera egokitu behar dela uste du EH BIlduk, baina horrek «egitura hori indartzea bilatu behar duela» dio koalizioak, «eta ez desagertzea, finantziazio haundiagoa eta ez mendekotasun haundiagoa, eta eskumenak eta autonomia gehitu eta handitu egin behar ditu, eta ez alderantziz».
Udal eta Kontzejuen Federazioarekin kritiko
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKF) Zuzendaritza Batzordearen «utzikeria» ere kritikatu du EH Bilduk. Bere irudiko, «une honetan tokiko erakundeen etorkizuna eta biziraupena azken hamarkadetako kezkagarriena da» eta «NUKFren Zuzendaritza Batzordeak, lehendakarira buru duela, ez du inolako urrats sakon eta zabalik eman gaur egungo bidegurutze honetan toki erakundeek eztabaidatu eta parte hartzeko tokia izan dezaten». Adibide gisa, abenduaren 13rako NUKFk deitutako Batzar Orokorrean eztabaidagaien artean Toki Administrazioaren egituratzea ez sartu izana aipatu du. Federazioko arduradunak «berriz ere UPNren Gobernuarekin bat egiten ari direla» adierazi du EH Bilduk, «UPNk ezartzen dituen irizpideen jarraitzaile huts bihurtuz».
Egoeraren aitzinean, EH Bilduk Nafarroako 11 eskualdetan gaur egungo egoeraren eta legeen edukiaren berri emanen du. Ondotik, ekarpen guztiak jaso eta egunez egun toki entitateetan kudeaketan eta lanean ari diren pertsonen kezkei erantzuna emateko bertze erronda bat eginen du. Gaineratu du, «toki erakundeei zuzenean eragiten dien lege batek gizartearen onespena izan behar badu, lege hori ezin dela entitate horiek parte hartu gabe tramitatu, onartu eta garatu». Hori dela eta, erakundeei, baita NUKFri, toki erakundeei eta Nafarroako gizarteari dagokion eztabaida bultzatzeko urratsak eman ditzaten eskatu die EH BIlduk, «partehartze zabala eta eraginkorra sortuz, eta gure erakundeen sareak gure errealitateari eta beharrei erantzun diezaiela bultzatuz. Eta ez, sare horrek toki erakundeak desagertzea eta zerbitzu publikoak pribatizatzea lortu nahi duten bertzelako interesei erantzutea».