Iñigo, Ainara, Phillippe eta Ionek osatzen duten Kaskezur taldea disko berrian murgilduta ibili da azken hilabeteetan eta horren fruitua gaur, ortzirala, Iruñean ikusteko aukera izanen da, han aurkeztuko baitute Ilgora izeneko euren bigarren diskoa. Iruñeko Subsuelo aretoan eskainiko dute kontzertua, 22:00etan hasita.
Hamar kanturekin osatu dute disko berria eta horiek Interneten entzungai daude hemen. Grabaketa lanak Hans Krügerrek egin dizkie Subizako (Nafarroa) Montreal Studiosen, eta nahasketa eta masterizazioa Karlos Osinagak egin dizkie Irunen (Gipuzkoa).
Kaskezurren aurkezpenarekin batera, disko berriarekin lanean ari den Berako boskoteak ere kontzertua eskainiko du gaur Subsuelo aretoan. Mikel, Joseba, Iñaki, Ibai eta Iñigok osatzen duten Borrokan taldea 90. hamarkadaren erdialdean sortu zen. 1998an Museum bilduman parte hartu zuen bere diskografiari hasiera emanez. 2002an euren lan luzea argitaratu zuten, Borrokan. 2007an, berriz, Hitzez ulertu ezin dena omendu nahi nuke, Oraintxe! kaleratu zuten. Taldeak badu bere webgunea.