Laxoa Elkarteak hamalaugarren aldiz antolatutako Paxaka txapelketa abiatu da. Bederatzi hirukote ari dira, 6 Iruritakoak eta Doneztebe, Arraioz eta Elizondoko bana. Txapelketaren finala abenduaren 21ean jokatuko da, bertze partida guziak bezala, Iruritako Aranabia pilotalekuan.
Taldeak bi multzotan banatu dira eta ligaxka moduan jokatuko dute abenduaren 7ra bitarte. Multzo bakoitzeko bi lehenbizikoek lortuko dute abenduaren 14an jokatuko diren finalerdietarako sailkatzea eta partida horien irabazleek jokatuko dute finala.
A multzoan Irurita A (Iñaki Etxandi, Mikel Etxenike eta Egoitz Prim); Irurita B (Oskar Urrutia, Karlos Goikoetxea eta Jagoba Ramos); Irurita D (Miguel Angel Iñarrea, Miguel Garate eta Cesar Iñarrea); Arraioz (Aritz Alunda, Mikel Mindegia eta Miguel Maritorena) eta Irurita E (Xabier Barberena, Mattin Legarrea eta Joxe Mari Salaburu) ari dira.
B multzoan berriz, Elizondo (Gorka Urtasun, Juan Mari Maia eta Jon Sansiñena), Irurita F (Joseba Urtasun, Alex Martin eta Cesar Sarratea), Doneztebe (Josu Juanena, Unai Sapuppo eta Jokin Arraztoa) eta Irurita G (Mikel Ballarena, Jexux Etxenike eta Xabier Bazterrika) sartu dira lehian.
MILA EUROREN ZOZKETA
Bertzalde, iaz egin zuen bezala, Laxoa Elkarteak aurten ere Laxoaren aldeko zozketa antolatu du eta aurten ere sari bakarra zozketatuko da: 1.000 euro. Dagoeneko boletoak salgai daude euro batean eta zozketa abenduaren 21ean eginen da, hau da Paxaka txapelketako finala jokatu ondoren, arratsaldeko 8ak aldera.