Kulturaren plaza bihurtuko da Durango abenduaren 5etik 8ra bitartean. 48. edizioa du aurtengoa azokak eta kultur eskaintza Landako gunetik haratago zabaltzea da antolatzaileen asmoa. Zortzi gunek osatuko dute azoka eta Kultur Gunean eta Zineman ere ekitaldiak antolatuko dituzte. Bisitariek argitaletxe eta disketxeek proposatzen dituzten berrikuntzak ezagutu, zuzeneko musika emanaldiez gozatu, euskarazko pelikula edo antzezlanak ikusi, tailerretan parte hartu… egun osoan zehar euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango dituzte eskura.