Bigarren diskoa kaleratu du Damba taldeak

Ttipi-Ttapa 2013ko azaroaren 26a

Damba taldearen kontzertu bateko irudia.

Taldean ari dira Estitxu Pinatxo beratarra, Kristian Amorena saratarra eta Josu Erbiti leitzarra

Hautsi... eta izan zaitez zu da Damba taldearen bigarren lanaren izena. Hamar kantu egin dituzte eta denak ere euskaraz eginak dira. Doinu bizia dute abestiek, indartsuak eta freskoak dira, pisu haundiko letrekin, eta taldetik adierazi dutenez, euskarazko besta girorako ezin hobeak dira. Taldekideen artean hiru dira eskualdekoak: Estitxu Pinatxo beratarra, Kristian Amorena saratarra eta Josu Erbiti leitzarra.

Taldea sortu zenetik lau urtera, bigarren diskoa kaleratu du Damba taldeak: Hautsi... eta izan zaitez zu izenekoa. Euskal Herriko eta Kubako musikariak ari dira talde honetan eta rock, blues, punk, reggae eta funk estiloak uztartzen dituzte ikutu latino nabarmenarekin. 100 kontzertu baino gehiago eman dituzte dagoeneko, gehienak iberiar penintsulan eta Europan eta arrakastatsuak izaten ari dira. 2011n AIEk (Artistas, Intérpretes o Ejecutantes) urteko talde hoberenen artean sailkatu zituen.

Bigarren lan honetan sustraietara bueltatuz hamar kantu bildu dituzte, eta denak ere euskaraz eginak dira. Betiko erritmo eta doinu biziekin eginak dira, abesti indartsu eta freskoak, pisu haundiko letrekin, eta taldetik adierazi dutenez, euskarazko besta girorako ezin hobeak dira.

Hiru dira Damba taldean ari diren eskualdekoak: Estitxu Pinatxo beratarra, Kristian Amorena saratarra eta Josu Erbiti leitzarra. Nabarmendu dutenez, Estitxu Pinatxo eta Aitziber Estangaren ahots goxo eta indartsuek eramaten dute talde hau.

Kontzertuak

Euskal Herrian zein kanpoan kontzertu ugari eskaintzen ari dira. Joan den asteburuan, erraterako, Londresen izan ziren. Eta abenduaren 7an eta 13an Durangon izanen dira. 7an Ahotsenean, Durangoko Azokaren barne, eta 13an Plateruenean. Abenduaren 14an Hondarribiko Banako ostatuan joko dute eta 28an Segovia aldera joanen dira. 2014ko lehen kontzertua Behobian emanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun