Joan den urtean, talde berria eta gaztea zuen Amaiurrek eta ez zuen Nafarroan sokatira txapelketan txapela janzterik lortu. Aurten, ordea, tiralari horiek esperientzia hartu eta jokoan zituen bi txapelak, 640 eta 600 kilokoak janztea lortu du.
640 kilokoan, Elizondon jokatu zen lehen saioan tiraldi guziak irabazi zituen eta Berriozarren herriko taldearekin berdindu arren, txapela Baztanera ekarri zuten.
640 kiloko txapela jantzi ondotik, 600 kiloko Nafarroako sokatira txapelketari ekin zion Amaiurko taldeak. Herrian azaroaren 16an jokatutako lehen jardunaldian tiraldi guziak irabazi zituen, 3 puntu eskuratuz. Berriozar izan zen bigarren eta Txantrea hirugarren. Larunbat honetan, berriz, Lesakan jokatu zen bigarren eta hondar jardunaldia, eta tiraldi batean Berriozarrek Amaiur estu hartu bazuen ere (ikusi tiraldiaren bideoa), azkenean baztandarrak nagusitu eta 600 kiloko txapela ere lortu zuten. Berriozar izan zen azpitxapeldun eta Txantrea hirugarren. (Ikusi sari banaketaren bideoa)
550 kiloko txapelketa mistoan Berriozar B izan da txapeldun, Basaburua-Imotz, Berriozar A eta Txantrearen aitzinetik.