Floren Nazabalek Nafarroako bere zortzigarren txapela jantzi zuen Donezteben

TTIPI-TTAPA 2013ko aza. 18a, 09:49
Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrek irabazi zuten bigarren mailako arpanlari txapelketa. Ibon Errazu

Bigarren mailako arpana txapelketan, berriz, Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrak izan ziren txapeldun

Doneztebeko feria eguneko arratsaldean, Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finala jokatu zen. Pronostikoak bete eta zortzigarren aldiz txapela jantzi zuen Floren Nazabalek. Jon Rekondo leitzarra azpitxapeldun izan zen. Bigarren mailako arpana txapelketan, berriz, Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrak nagusitu ziren eta lehen mailara igatea lortu dute.

Doneztebeko feria eguneko arratsaldean, Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finala jokatu zen. Pronostikoak bete eta zortzigarren aldiz txapela jantzi zuen Floren Nazabalek. Jon Rekondo leitzarra azpitxapeldun izan zen. Bigarren mailako arpana txapelketan, berriz, Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrak nagusitu ziren eta lehen mailara igatea lortu dute.

Floren Nazabalek bertzeen gainetik koxko bat edo bi goitiago dagoela erakutsi zuen berriz ere Donezteben. Aizkolariek launa kanaerdiko, launa 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten eta Etxarrikoa hasieratik ibili zen aitzinetik. Lehen postu horretarako ez zen emozio handirik izan eta azkenean, 28 minutu eta 3 segundutan akitu zituen lanak. Bigarren posturako lehia gehioago izan zen Jon Rekondo eta Lopezen artean, baina azkenean leitzarra izan zen azpitxapeldun. 32 minutu eta 12 segundu behar izan zituen, txapeldunak baino lau minutu luze gehiago. Lopezek 33 minutu eta 13 segundu behar izan zituen. Laugarren postua bertze leitzarrarentzat izan zen, Ruben Saralagirentzat. Bere lehen final handian lan bikaina egin zuen gazteenak eta 35 minutu eta 53 segundu behar izan zituen lana bukatzeko. Antonio Senosiain izan zen bosgarren (39:43).

 

Arpanan arraioztarrak txapeldun

Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa ere jokatu zen Donezteben, nahiz eta azkenean bi bikote bertzerik ez izan. Bikote bakoitzak etzanda paratutako 45 ontzako enborrari hamar epai eman behai izan zizkion, eta zutik jarritakoari, berriz, lau. Emozio handia izan zen eta azkenean, Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias nagusitu ziren, 7 segundurengatik. Arraioztarrek 5 minutu eta 8 segundo behar izan zituzten eta Larragetako Alberto Oteizak eta Iberoko Adrian Berruezok 5 minutu eta 15 segundo. Honela, heldu den urtean lehen mailan lehiatuko dira baztandarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun