1813an izan ziren gertakarien inguruko ospakizunek zer erran haundia piztu dute herrian. Alde batetik, gutitan ikusten den mundua bildu zen irail hondarrean Urdazuriko guden berrehungarren urtemugaren antzezpen egunean. Frantzia, Espainia eta Inglaterrako armadako soldaduen orduko uniformeak erakutsi zituzten Jakintza elkartekoek, zonbait herritarrek eta herriko etxeak apailatu zituzten desfilean. Ahatik, Lapurdi 1609 elkarteak ez zuen begi onez ikusi komemorazioa gisa hortan egitea orduko senpertarren sofrikarioa ez baitzen aski edo batere gogoratu bere ustez. 200 urte geroago herritarrak argitzeko xedearekin, Napoleonen armadak orduan egin gehiegikerien berri eman du Larraldean Eneko Bidegain kazetari eta komunikazio irakasleak. 50 lagun bildu ziren hitzaldi mamitsua entzuteko eta hantxe jakin zen Frantziako armadak Euskal Herria bipildu zuela. Napoleonek Europa osoa menperatu nahi zuen eta Espainia anaiari eman zion baina 1808an altxamenduak hasi ziren penintsulan. Gibelerat egin behar izan zuten zonbait gatazka eta sarraski eginez bidean Sorauren, Donostia, San Martzial edo berdin Beran.
«HERRITARREN ETSAIAK»
Gero armada Lapurdin egon zen sei hilabetez eta hor ziren 50.000 soldaduek ez zituzten batere ongi artatu hor bizi zirenak. Janariak eta ontasun hartzeak, ohointzak edo bortxaketak, denetik gertatu zen. 35 labe erabiltzen zituzten 1.200 ogi egiteko egunero. Sarako orduko auzapezak erran zuen «herritarren etsaiak» zirela soldadu horiek. 1813ko hazilaren 17an, 15 soldadu Angeluko herriko etxerat sartu ziren eta dena ebatsi eta xehatu zutela oroitarazi zuen Bidegainek.
Bertzalde, “okupazioaz” aspertuak baitziren zenbait lapurtarrek desertore izatea deliberatu zuten. Giro nahasia ikusirik, Euskal Herrirat heldu zelarik Wellingtonek zuhurtziaz jokatu zuen lapurtarrak lasaitu nahian eta herritarrek salbatzailea bezala ikusi zuten maiz. Bere xedeen berri emateko agiria plazaratu zuen frantsesez eta euskaraz!
Oro har, garai latza bizi izan zuten lapurtarrek. Artxiboek diote ohi baino hil gehiago izan zela garai hortan. Ainhoan etxe gehienak xehatu zituzten, Saran 105 etxe erre, Uztaritzen 12 zubi bota eta Kanbon 10 etxeri su eman zieten. Lapurdi 1609 elkarteari ez zitzaion gustatu militarren desfileak ikustea karrika nagusian eta herritarren sufrimendua hain guti aipatzea. Eneko Bidegainen eta bertze batzuen mintzaldiei esker makurra xuxendu delakoan daude euskaltzaleak.
DATUA
4.000
HILDAKO GEHIAGO
izan ziren Lapurdin usaian baino 1813-1814 urteetan, frantses armadak egin izigarriko desmasien ondotik, baita bertze etsaien okupazioagatik ere.