Donejakue bidea, osorik egitetik hurbilago daude Arkupeak Elkarteko zenbait kide. Apurka apurka ari dira bidea osatzen eta 2013 urtean, sei etapa betetzea aurreikusi zuten urte hasieran. Aurreikuspenak bete zituzten eta antza, ez zitzaizkien indarrak agortu seigarren etapa bukatzean, bertze bat egitea erabaki baitzuten. Hala, urriaren 28an, Donibane Garazi eta Orreaga arteko bidea egin zuten. Goizeko 08:30ean abiatu zen hogei laguneko taldea Donibaneko elizatik. Eguraldi bikaina zuten, nahiz eta batzuetan haizeak gogor jo. 1.200 metroko desnibela igo zuten eta normala denez, taldetxoak osatzen joan ziren, bakoitzak ibilbidea bere erritmora eginez. Arkupeak Elkarteko batzuk 2014an aurreikusi dute falta zaien ibilbidearen zatia egitea eta bertze batzuek berriz, lasaiago egin eta bi urtean osatuko dute bidea.
ERRETIRATUEN MANIFESTAZIOA IRUÑEAN
Urriaren 24an jendetza bildu zen Iruñean pentsio duinak aldarrikatzeko asmoz. Tartean izan ziren Arkupeak elkarteko ordezkariak ere. Gobernuak proposatzen dituen neurriek pentsioetan izango duten eraginari buruz hitzaldi bat entzun zuten aurrena eta gero kalera atera ziren manifestazioa PPren egoitza aurrean bukatuz.
Zoritxarrez, asko dira oraindik gobernuak egiten duen propaganda faltsuaz ohartzen ez direnak. Pentsioak % 0,25 igoko dituztela diote, baina KPIaren %2ko igoeraz ez dute aipamenik egiten. Erdizka esandako egia, gezur bihurtzen da. Izan ere, 1.200 euroko pentsioa duen erretiratuak, %15-20 gutxiago jasoko du, zehazki 1.025 euro. Murrizketa honi gehitu behar zaio egun Nafarroako 6.000 etxeetan sartzen den diru iturri bakarra pentsiodunen soldata izatea, 29.360 alargunek 390,70 euroko soldata jasotzea… Geroz eta ozenago entzuten dira herritarren kexak eta pentsiodunen alderdi politiko bat sortzea ere burutan darabilte askok, bizi osoan zehar lanean aritu direnen oinarrizko eskubideak errespetatzeko.
AZKENEKO BIDAIA
Urriaren 31n 127 bazkide joan ziren Lodosara. Aurreko urteekin alderatuta, aldaketak egon ziren egitarauan. Orain artean, Lizarran gelditzen ziren gosaltzeko eta ondoren Lodosako piper fabrika bisitatzen zuten. Aurten, Lizarran barna ibilaldia egin eta txoko eta monumentuak bisitatzeko aukera izan zuten gidari baten laguntzaz. Horren ondotik, piper fabrikara bisita egin eta gero Larriongo jatetxera joan ziren bazkaltzera. Bazkari bikaina dastatu zuten eta ohikoa denez, Joseanek jarri zion musika ukitua.
Denboraldiari amaiera emateko, hegazkinera igo eta urrutira joan direnak ere izan dira. Azaroaren 4an 29 bazkide Kanariar Uharteetara abiatu ziren eta azaroaren 10ean berriz, 12 bazkide Machu Picchura joan ziren. Orain datorren urteari begira jartzeko garaia iritsi da. 2014 urterako lehenengo proposamenak egiten hasi da jendea eta Argentina, Europa, Katalunia, Tarazona, Zaragoza… aipatu dituzte besteak beste. Bertizko instalazio berriak bisitatzeko interesa ere plazaratu dute. Eta orain artean bezalaxe, mota guztietako ikastaroek leku garrantzitsua beteko dute Arkupeak elkarteko eskaintzan.