Aizkora eta ahari talka apustu entzutetsuen protagonista izan dira herriko kirolariak

Fernando ETXEBERRIA 2013ko azaroaren 14a

Inongo zalantzarik gabe, aizkora apustuak izan dira uso ehizarekin batera, Ezkurrako gazteen afiziorik gustukoenak. Mikel Mindegia izan da herriko kirol ordezkari ezagunenetakoa, baina aurretik, Fausto, Joannes, Cañon eta beste hainbatek ere marka bikainak lortu zituzten.
 
Antton Espelosinek bere liburuan aipatzen duen apustu bitxi bat ezin dugu aipatu gabe utzi. 1802ko ekainaren 7an Hernanin jokatu zen. Bi aizkolari eta apaiz batek neurtu zituzten indarrak. Ezkurrako Ramon Elizalde eta Hernaniko Astigarraga aizkolariek 15na enbor moztu behar zituzten eta apaizak, aizkolariek lanak amaitu baino lehenago bukatuko zuela meza ematez egin zuen apustu. Ramon Elizalde herritarra izan zen irabazlea, 21 minutu behar izan zituen lanak buka­tzeko. Astigarragak 23 minutu behar izan zituen eta apaizak ere Elizaldek baino 2 minutu gehiago behar izan zituen meza bukatzeko.
 
Aizkoraz gain, ahari talkarako ere afizio handia egon zen Ezkurran. Famatua izan zen 1980ko urtarrilaren 23an, Migel Joakin Noblek Donezteben Gipuzkoako ahari txapel­dunaren aurka jokatu zuen apustua. 324 kolpe eman behar izan zituen bere ahariak eta biak txikituta bukatu zuten proba. Oroigarri gisara, animaliaren burezurra eta apustuaren inguruko idatzia gordetzen ditu Noblek etxean. Bere aharia Nafarroako irabazlea eta Euskadiko azpitxa­pelduna izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun