Jakoba Errekondoren hitzaldia Herriko Etxean hilaren 23an

Markel LIZASOAIN 2013ko azaroaren 14a

Jakoba Errekondo izanen da hizlari Herriko Etxean. Dani Blanco - ARGIA

Baratze, arbola eta lore kontuak erakustera heldu da

Basaburu Ttikian erron­da egiten ari da Jakoba Errekondo. Garagarrilean, Labaienera etorri zen, bezperan Lei­tzan sagardo kontuak aipatuta. Eta oraingo txandan, Saldiasera etorriko da landareez jolas egitera. Azaroaren 23an izanen da hitzaldia, larunbatarekin (11:00etan), Taberneko ganbaran. Radioan bezalaxe ariko da jendeari esplikazioak ematen txertoak noiz egin, apaingarritako loreez kon­tsejuak ematen, sagarren gorabeherak, mahatsarenak, ongarri hoberena zein den, plantak izaten dituzten gaitzak nola sendatu, tomateari xertexak gu­txiago atakatzeko zer egin behar den, habeak nola prestatu, artzai makilatarako adarrak noiz moztu, arbolak nola modorratu eta hau eta hori... Terrenoak nola aprobetxatu ez dakienak ere aukera polita du hari galdetzeko zer planta sartuko lukeen. 
 
Lehenbizian, bera ariko da jolasean, eta landare batek nola fun­tzionatzen duen eraku­tsiko du, hazitik atera eta handitu bitarte, eguzkiak zer indar duen, ilargia... Esplikazioak eman ahala, jendeari galdemoduak etorriko zaizkio, eta denei erantzutera saiatuko da. Sarrera librea da, eta animatu dadila jendea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun