Besteek beraien ordez erabaki ez dezaten

Eneritz IRAOLA 2013ko azaroaren 14a

Aurretiazko borondateen agiria egiten duenak azken unera arte, azken hitza berea du. Utzitako argazkia

Egunen batean beren borondatea aditzera ­emateko gai ez badira, osasun arloko erabakiak aurrez zehaztuta uzten dituzte agirian

Aurretiazko borondateen agiri edo bizi testamentuan, jaso nahi diren eta nahi ez diren osasun tratamendu eta zaintzei buruzko ­argibideak ­biltzen dira. Etorkizunera begira egiten den ­idatzia da eta gaixotasun edo lesio psikiko edota fisikoen ondorioz norbere borondatea azaltzeko gaitasuna galtzean aplikatuko litzateke. Funtsean, bizitza modu artifizialean ez luzatzeko eskatu ohi da, baina beste hainbat argibide ere eman ­litezke. Norberaren hitza azken unera arte ­errespetatzea da helburua. 

 

Eneritz IRAOLA |

Nafarroan 2003 urteaz geroztik egin liteke Au­rretiazko Borondateen Agiria eta dagoeneko 2.066 he­rritarrek bildu dituzte idatziz beren nahiak. ­Atzera bueltarik ez duten osasun egoeretan eman beharreko pausoak jasotzen dira bertan, sinatzaileak dituen balio eta irizpideak ain­tzakotzat hartuz. Utzitako argibideak zein osasun egoeratan aplikatu behar diren adierazten da eta gehienetan egoera begetatibo kronikoaren, luze gabe heriotza eragingo duten gaixotasun larrien edo sendaezinak diren gaixotasun mentalen au­rrean eman beharreko pausoak zehazten dituzte. Erabakitzeko eskubidea dakar berekin, tratamendu jakin bat nahi dugun ala ez erabakitzeko erabateko eskubidea, nahiz eta ba­tzuetan erabaki hori ez datorren bat medikuen gomendioekin.

ARGIBIDEAK

Eredu orokorra sinatu edo norberak hutsetik bere eredua sortu dezake, bizi testamentua egiten duenaren esku baitago nahi dituen egoera eta tratamenduak zehaztea. Kasu gehienetan argibideak egoera hauekin dute zerikusia: bizitza modu artifizialean ez luzatu, egonezina eta mina arin­tzeko botikak jaso, egiazt­atu gabeko botikak edo terapiarik ez jaso, haurdun egonez gero zer egin...Hala ere, badira oraindik nor beraren­ esku ez dauden erabakiak, legezkoak ez direlako. Eutanasiaren gaia da horien artean entzutetsuena. Mota honetako erabakien  ai­tzinean, aurretiazko borondateen agirian, nahi bada legean egon litezkeen aldaketei atea zabalik uzteko aukera dago. Horrela, agiria egiteko orduan neurriren bat legezkoa izan ez, eta agiria aplikatzerako orduan legezkoa bada, neurriak eragina izanen luke gaixoaren gain.

ORDEZKARIAK  

Agiria egin dutenek azpimarratzen duten beste puntua, ordezkariak izendatzeko ematen duen aukera da. Argibideen aurrean medikuek zalantzarik izango balute, argibideak interpretatu, eta horiek betetzea bermatzea da ordezkariaren egitekoa.   Orokorrean, agiria egiten duenaren borondatea eta iritzi pertsonalak ezagutzen dituen pertsona bat izendatu ohi da. Komeni da ordezkariak jakitea horretarako izendatu dutela, eta izendapena onartu eta sinatzea.

ARAZOAK EKIDITEKO BIDEA

Heriotza duinaren aldeko pausotzat jotzen dute agiriaren aldekoek eta arazo etiko eta moralak saihesteko modua dela azpimarratzen dute. Norbere buruaren jabe ez den momentuan senideen esku geratu ohi da erabakitzeko ahalmena. Hamaika buruhauste sortzen dira orduan, aurrez gaiaren inguruan solastu ez den kasuetan. Aurretiazko Borondateen agiria egina bada, gaiaz solasteaz gain, idatzizko froga bat dago, legeztatua dagoena eta zalantzarako tarte gutxi uzten duena. 

 AURRETIAZKO BORONDATEEN AGIRIARI BURUZKO GALDERAK

Zer eta nola?

 

«Zein baldintza bete behar dira?». Gutxieneko adina hamasei urtekoa da eta bere gaitasun mentalen jabe dela eta idatzia bere borondatez, libreki egiten duela frogatu beharko du sinatzaileak. ­Notario edota hiru lekuko adindunen aurrean egin beharko da (lekukoetatik bik ezin izanen dute sinatzailarekin biga­rren mailarainoko ahaide-loturarik ez eta ondare-harremanik izan).

«Legezkoa da?». Maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeak, aipatzen du eta 2003 urteaz geroztik dago indarrean. Foru Legeak zehazten du nork bere erabakiak adierazteko eta etorkizunerako zainketa planifika­tzeko aukera duela aurretiazko borondateen agiriaren bidez.

«Osasun zerbitzuetako profesionalek bertan behera utzi dezakete?». Inolaz ere, agirian zehaztutakoa osasun zerbitzuetako profesionalen iri­tziaren gainetik dago. Mediku edo erizainen batek uko eginen balio aurrez zehaztutakoa betetzeari, kasua bertze mediku baten esku geldituko litzateke.

«Agiria behin betiko da?»  Aurretiazko borondateen agiria noiznahi deusezta daiteke, zeinbat puntutan aldaketak egin edo bere ordez berri bat aurkeztu. Hasierako agiria prestatzeko erabili zen prozedura berbera segi behar da.

 «Euskaraz bete liteke?». Informazioa euskaraz jaso eta prozesu guztia euskaraz egin ahal izateko ez luke eragozpenik egon behar.

Informazio +:  www.navarra.es
 
JARRAITU BEHARREKO PAUSOAK
 
• Internet bidez www.navarra.es orrialdean edota Iruñean Amaia kalean dagoen Osasun Saileko bulegoan beharrezko informazioa eskuratu.
 
• Hartu nahi diren aurretiazko neurriak erabaki (agiri orokorra bete liteke edota norberak berea osatu dezake).
 
Agiria bete. Horretarako lekukoen edo notarioaren ­sinadurak beharrezkoak dira eta ordezkariak ­egotekotan bere onespena izatea ere ­komeni da.
 
• Agiriak Osasun Saileko bulegoan aurkeztu
 
• Nafarroako Aurretiazko Borondateen erregistroan ­gordetzen da eskaria.
 
• Gutun baten bidez erregistro zenbakia jasotzen da.
 
• Une horretatik aurrera­ ­indarrean dago agiria. 
 
JUAINAS PAUL ARZAK, AURRETIAZKO BORONDATEEN AGIRIA EGINA DU
 
«Gaixotasun sendaezinen aurrean ez dut alferrikako luzapenik nahi»
 
Zergatik erabaki zenuen aurretiaz­ko borondateen agiria egitea?
Adinak eta inguruan ikusitako zenbait egoerek bultzatu ninduten. Merezi ez duten luzapenak ikusi izan ditut eta horregatik aurretik eskarmentatzea hobe dela uste dut. 

Zertarako da baliagarria agiri hau?
Zure buruaren jabe zaren momentuan, sendagileen interbentzioak zein punturaino onartzen dituzun erabakitzeko aukera ematen du. Gaixotasun baten ondorioz, zure borondatea zein den esateko gaitasunik gabe gera zaitezke. Medikuek kasu bakoitzean nola jokatu behar duten ­aurrez idatzita uzten ez baduzu, medikuen esku zaude, ez duzu beraien eskumena mugatzen. Zure erabakiak idatzita uzten badituzu, bidea ­erraztu egiten da eta azken unera arte zu zara erabakitzen duena.   
 
Medikuak zure erabakien aurka egin dezake?
Sendagileen artean bere kontraesanak, korronteak egonagatik ere, Nafarroako Parlamentuan onartua dagoen agiria da Aurretiazko Borondateena. Legearen arabera, medikuek ezin dute zure erabakien aurka jo, izatekotan, beste mediku baten esku utziko lukete kasua. Agiria erregistratu egiten da eta horrela, medikuek horren berri jakin eta zure egoeran beti eragina izango du. 
 
Medikuen eskumena mugatzea zergatik da hain garrantzitsua?
Garai batean, sendagileek zituzten baliabideak oso agorrak ziren. Orain milaka aukera daude eta nahi adina luzatu dezakete bizia, iraunarazi, hori ez baita benetan bizitza. Esperimentu txar baten jostailua, luzapen ergelaren beste adibide bat ez naizela izango jakiteak lasaitasuna ematen dit.
 
Agiria euskaraz egiteko trabarik badago?
Ez luke egon behar, nire kasuan egon ziren arren. Amaia kalean dagoen bulegora joan nintzen eta han zegoen jendearekin hitz egin eta beharrezko informazioa, ereduak… eman zizkidaten. Euskaldun bakarra zegoen momentu horretan bulego osoan eta berarekin egon nintzen ni. Denbora pixka bat pasa zen egin arte eta hu­rrengoan joan ginenean paperak beteta, lekukotasunak eginda, ordezkariarekin… langile euskaldunik ez zegoen bulegoan. Erdaraz hitz egiteko prest geunden, baina paperak euskaraz bete nahi genituen eta hala egin genuen. Hamar- hamabost egun pasatakoan telefonoz deitu zuten esanez guk paperak soilik euskaraz bete genituela eta horrekin arazoa sor zitekeela, litekeena zelako medikuren batek euskaraz ez hitzik jakitea. Ez genuen itzulpenik egin eta onarpena iritsi zitzaigun, hori bai dena gazteleraz idatzita. Euskaraz ezta Egun on ere.Horrelako ergelkeriak jasan behar izaten ditugu…
 
Heriotzaz hitz egiteak oraindik ­errespetua ematen du?
Zalantzarik gabe. Gaiaren inguruan ezagutza falta dagoela uste dut. Beldur pixka bat ematen dio jendeari horrelako saltsetan sartzeak. Herio­tzaz edo azken uneetaz ez da behar adina hitz egiten. Gaiaz hitz egiten ez bada uste dute ez dela gertatuko, baina oker daude. Gertatu behar dena gertatu eginen da. Horregatik ­hobea da prest egotea.
 
NORBERE AUTONOMIA
«Zure erabakiak ­­ida­tzita uzten badituzu, bidea erraztu egiten da eta azken unera arte zu zara erabaki­tzen duena».

Juainas Paul ARZAK 
 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun