San Martin ondoko ortziralean, urteroko soineko bera jantziko dute Doneztebeko karrikek. Aziendak Merkatu Plaza inguruan, salmenta postuak, taloak, nekazaritzako tresneriak... udazkeneko ferietako giroak hartuko du herria azaroaren 15ean. Arratsaldean, berriz, Nafarroako aizkolari txapelketa nagusia eta bigarren mailako arpana txapelketa erabakiko dira.
Ohiturari eutsiz, goizean goizetik izanen da zer ikusi eta erosia. Eguerdira arte azienda buru hoberenak ikusi eta tratuan aritzeko aukera izanen du hortara doanak. Atsoferia berriz, goiz eta arratsaldez eginen da eta bertze saltzaileen eskaintzekin batera, herriko merkatariek ere beraien produktuak aterako dituzte karriketara.
Feria eguneko bertze ezinbertzeko osagaia bihurtu da herri kirol saioa. Urteak daramatzate ferietako arratsaldean herri kirol saioa antolatzen. Batzuetan jaialdi arrunta izaten da baina bertze batzuetan txapelketaren bat ere jokoan izaten da. Aurtengoa, ez da izanen nolanahiko hitzordua Nafarroako Maila Nagusiko aizkora finala eta Nafarroako bigarren Mailako Arpana txapelketa jokatuko direlako 17:30etik aitzinera pilotalekuan. 15 euro ordaindu beharko dira pilotalekura sartzeko.
Nafarroako maila nagusiko aizkora finala
Bortz aizkolari aurrez aurre arituko dira txapela lortu nahian. Tartean eskualdeko bi ordezkari izanen dira, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrak. Hauekin batera Floren Nazabal (Etxarri Aranatz), Juan Jose Lopez (Lezaun), eta Antonio Senosiainek (Olague) lortu zuten finalerako txartela urriaren 6an Etxarri Aranazen jokatu zen kanporaketan. Finala 17:30ean hasiko da, eta aizkolari bakoitzak hamar enbor moztu beharko ditu: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko.
Aizkolariez gain, arpanlariek ere nor baino nor aritu beharko dute. Nafarroako II.Mailako arpana txapelketa egonen da jokoan eta Nafarroako Herri Kirol federazioak jakitera eman digunez, lau bikotek hartuko dute parte, nahiz eta oraindik lehendabiziko hirurak bakarrik dauden zehaztuta: Alberto Oteiza (Larrageta)-Adrian Berruezo (Ibero), Xabier Urrutia (Arraioz)-Daniel Saldias (Arraioz), Peio Etxabide (Lesaka)- Joseba Irigoien (Lesaka) eta Andoni Irigoien (Aniz) eta Guillermo Etxenike (Irurita). Bikote bakoitzak egin beharreko lana honakoa izanen da: etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eta zutik jarritako 45 ontzako enborrari 4 epai. Bikote txapeldunak mailaz igoko dira.