Xalto bertso sariketaren hamabigarren edizioak formatu berria izango du

TTIPI-TTAPA 2013ko aza. 13a, 08:27

Duela bi urte Xalto Sariketan parte hartu zutenak Goizuetan. Artxiboko argazkia

Azaroaren 15ean bi kanporaketa jokatuko dira Iruñean eta Leitzan eta azaroaren 22an berriz finala, Goizuetan

Ortziralean, azaroaren 15ean, hamabigarren ediziora ailegatuko da bi urtetik behin egiten den bertsolari berrientzako Xalto sariketa. Eraberrituta, saio bakarra egin beharrean, hiru saio izango ditu; bi kanporaketa eta Goizuetan jokatuko den finala. Honela, azaroaren 15eko bi kanporaketak, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eta Leitzako gaztetxean izanen dira.

Ortziralean, azaroaren 15ean, hamabigarren ediziora ailegatuko da bi urtetik behin egiten den bertsolari berrientzako Xalto sariketa. Eraberrituta, saio bakarra egin beharrean, hiru saio izango ditu; bi kanporaketa eta Goizuetan jokatuko den finala. Honela, azaroaren 15eko bi kanporaketak, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eta Leitzako gaztetxean izanen dira.

Guztira, hamasei bertsolarik kantatuko dute bi saio horietan eta saio bakoitzeko lehen hiru sailkatuek osatuko dute finaleko seikotea. Bertso-merendu formatuarekin, kanporaketak 19:30ean hasiko dira eta ondotik merendua eskainiko da. Sarrera doakoa da.

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, ondoko zortzi bertsolariek kantatuko dute: Kotte Plaza (Irurita), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Saioa Alkaiza (Antsoain), Oier Amiano (Elizondo), Oskar Sanz de Acedo (Iruñea), Amaia Elizagoien (Oronoz), Sarai Robles (Barañain) eta Iban Garro (Lesaka). Gai-emaile lanetan Ainara Ieregi arituko da eta epaile lanetan berriz, Ekintza Landa, Julen Zelaieta eta Mikel Beaumont.

Leitzako gaztetxean kantatuko duen zortzikotea hau izanen da: Patxi Castillo (Bera), Xabier Maia (Elizondo), Iker Gorosterrazu (Ituren), Unai Uberetagoena (Iruñea), Irati Majuelo (Iruñea), Mikel Lasarte (Barañain), Jokin Pinatxo (Bera) eta Mikel Azpiroz (Leitza). Jon Arratibelek jarriko ditu gaiak eta epaile lanetan, Joseba Beltza, Saioa Mitxelena eta Ander Fuentes “Itturri” arituko dira.

 

Finala, azaroaren 22an

Goizuetan Bertso-afari formatua izango du azaroaren 22an Goizuetan egingo den finalak. Gaueko 21:00etan hasita, Goizuetako Umore Ona elkartean egingo da afaria eta ondoren saioa. Maider Ansa gai-emaileak bideratuta, kanporaketetatik sailkatutako sei bertsolari arituko dira kantuan. Epaile lanetan berriz, Jon Abril, Saioa Mitxelena eta Ander Fuentes “Itturri” jardungo dira.

15 eurotan, sarrerak aurretik salgai jarriko dira Goizuetako Amaia kafetegian eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan.

 

Hamabigarren edizioa

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean, txandakatzen diren Xalto sariketa eta Mariano Izeta sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte zein hasi berriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

Xalto sariketa, 1992. urtean egin zen lehen aldiz eta aurten hamabigarren edizioa jokatuko da. Andres Narbarte “Xalto” bertsolariaren omenez egina, Goizuetan, bere jaioterrian ospatuko da finala.

Hamabi edizio hauetan bertsolari nafarren harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Julio Soto, Estitxu Arozena, Xabier Silveira… izan dira Xalto sariketa irabazi dutenetako batzuk. Duela bi urteko sariketan Aimar Karrika auriztarrak jantzi zuen txapela.

Sariketa honetan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dituzte bertsolariek: Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean inoiz kantatu ez izana, aurretik Xalto sariketa irabazi ez izana eta 1997. urtean edo beranduago jaioak izatea.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Xalto sariketaren antolatzailea, Goizuetako udalaren laguntzaz. Horrez gain, Goizuetako Umore Ona elkartea, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartea, Leitzako gaztetxea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du ekimenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun