Aritz Juanenea saldiastarrak eta Julen San Miguel doneztebarrak irabazi dute VIII. Nafarroako Erremonte txapelketa-Magna Sari Nagusia. Zubiriko pilotalekuan urriaren 13an jokatutako final gogorrean 40-35 irabazi zieten Gorka Urtasun iruritarrari eta Barrenetxea IV.ari.
Saldiastarra eta doneztebarra ziren faborito baina lana gogotik egin behar izan zuten txapela janzteko. Izan ere, 0-8 galtzen hasi ziren eta hamazazpina berdindu arte gibeletik joan ziren markagailuan. Urtasun eta Barrenetxeak bikote ederra osatzen dute eta lanean segitu zuten, berriz ere markagailuan aitzinetik paratuz (19-22, 23-26…). Partidaren erdialdera hainbat berdinketa izan dira, baina hogeita bederatzina berdindu ondotik aurrea hartu zuten gorriek (32-29). Halere, berriz ere 33na berdindu zuten. Horixe izan zen azken berdinketa eta azkenean, partida osoan lortu zuten alderik handiena lortu zuten txapeldunek, 40-35.
Juanenearentzat lehen final handia zen eta urduritasun hori somatu zitzaion partida hasieran. San Miguelek, berriz, partida bikaina jokatu zuen eta partidari eutsi zion lehen zatian.