Urriaren 17an ospatu zuten Arkupeak elkarteko Bazkideen Eguna eta benetan berezia izan da, ehun urte bete dituen Modesta Huarte Iñarrea beratarra eta diamantezko ezteiak bete dituzten bi bikote omendu dituztelako: Angel Martin eta Carmen Durruty eta Matias Irazoki eta Jossete Suso senar-emazteak. Horietaz gain, zazpi bikotek urrezko ezteiak bete dituzte eta 41 bazkidek 85 urte egin dituzte.
635 lagun bildu ziren bestan. Mikel Biain eta Ramon Apezetxea apaizek emandako meza entzun zuten eta horren aurretik, Pedro Bañaresek, guztiei ongietorria eman eta hildakoak gogoan izan zituen, Joxe Oronozi, elkarteko diruzaina izandakoari aipamen berezia eginez. Bukatutakoan, Irantzu Vazquez eta Jesus Maria Jimenez, Nafarroako Kutxako Fundazioko kideek, opariak eman zizkieten omenduei.
Zuk aukeratu, zuk erabaki ekimenaren ondorioz, Arkupeak elkarteak 8.170 euroko laguntza jaso du, 817 lagunek beraien egitasmoarekin bat egin zutelako. Diru-laguntzaz gain, Elkartekide guztiei oparitxo bana ere eman zieten.
Besta egunean ere, elkartekideen eskuzabaltasuna agerian geratu zen. Duela hilabete batzuk, Arkupeak Elkarteak bat egin zuen Mankomunitateak abian jarritako elikagai bankuarekin. Ekimenari bultzada bat emateko asmoz, diru bilketa bat egin zuten bazkalondoan, beharrean daudenei laguntzeko. Denera, 1.330,11 euro bildu zituzten. Batzordeak, eskerrak eman nahi dizkie laguntza eskaini zuten guztiei.
Jalisko Bandekin dantzan gustora bukatu zuten ospakizuna.
BENIDORMERA BIDAIA
Irailaren 27an abiatu ziren eta urriaren 9ra arte, Benidorm aldean ibili ziren elkarteko 105 bazkide. Fenicia eta Briston hoteletan ostatu hartu eta eguraldi bikaina lagun, ederki pasatzeko aukera izan zuten. Tartean Mairu eta Kristauen desfile famatua ikusteko aukera ere izan zuten. Bertze hiru bidaia daude aurreikusita eta izen emate epeak bukatu dira. Hala, Lodosara 138 pertsona joango dira, Kanariar Uharteetara 29 eta Machu Picchura 12.
IKASTAROAK
Azken hiruhilabeteko ikastaroak antolatu dituzte eta urte osoan bezalaxe denetarako aukera izanen da. Informatikako ikastaroa izan da arrakastatsuena, 31 pertsonak eman dute izena bertan. Frantsesa ikasten berriz 18 bazkide ariko dira, kimaketa eta txertaketa ikastaroa 14 bazkidek eginen dute eta senda-belarrena 11k. Memoria tailerrean 9k eman dute izena, psikoterapia ikastaroan 5 lagunek eta photoshop ikastaroan bertze bortzek.