Nafarroa osoan bezala, eta azken bi hilabeteetako joerarekin segituz, urrian ere goiti egin du langabeziak eskualdean. Hilabete hondarrean 1.367 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, irailean baino 25 gehiago. Beraz, %1,86 igo da langabetu kopurua, Nafarroa osoko bulegoetan baino zertxobait gehiago (%1,02 igo da Nafarroan).
508 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez urrian, baina horietatik 68 bakarrik izan ziren mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 615 lagun daude langabezian, irailean baino 7 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean 612 langabetu daude, irailean baino 27 gehiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean 5 lagun guttiago daude langabezian, 87 lagun, eta adin tarte horretako emakumeen artean ere irailean baino 4 langabetu guttiago daude, 53.
Zerbitzuen arloan nabarmen goiti
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta gainera, nabarmen goiti egin du urrian, 849tik 895 langebatura pasatuz. Industria arloan, aldiz ere 13 langabetu guttiago daude, 246 denera. Eraikuntzan ere 9 langabetu guttiago daude, 151. Nekazaritzan 24tik 27ra igo da langabetu kopurua, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 48 lagun daude langabezian, irailean baino 2 guttiago.