Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketa azaroaren 2an, larunbatean abiatu zen Elizondoko udal pilotalekuan. Gizonezkoak zortzinaka 640 kiloko kategorian eta emakumezkoak seinaka 375 kilokoan lehiatu ziren. Amaiur eta Basaburua-Imotz nagusitu ziren, hurrenez hurren.
Amaiurko mutilek Berriozar eta Txantrearen kontrako tiraldi guziak irabazi zituzten eta 3 puntu eskuratu. Berriozar izan zen bigarren (2 puntu) eta Txantrea hirugarren (puntu 1).
Emakumezkoetan Basaburua-Imotzek lortu zituen hiru puntuak, Txantreak 2 puntu eta Berriozarrek puntu bakarra.
Datorren larunbatean, azaroak 9, pisu hauetako bigarren eta hondar jardunaldiak jokatuko dituzte Berriozarko pilotalekuan, arratsaldeko 6:00etatik aitzinera.
Lau kategoria ezberdinetan erabakiko dira txapelak. Gizonezkoak zortzinaka ariko dira 640 kilo eta 600 kiloko kategoriatan. Berriozar, Txantrea eta Amaiur ariko dira. Emakumezkoen seikoteak 375 kiloko kategorian ariko dira. Berriozar, Txantrea eta Basaburua-Imotz izanen dira lehiakide. Talde mistoak, azkenik, zortzinaka ariko dira 550 kiloko kategorian. Berriozar A eta B, Txantrea eta Basaburua-Imotz ariko dira.
600 kiloko gizonezkoak eta talde mistoak azaroaren 16an hasiko dira Amaiurko pilotalekuan, 18:00etan eta azaroaren 23an jokatuko dute Lesakako pilotalekuan bigarren eta azken jardunaldia, ordu berean.