Azaroaren 1ean jokatu ziren Sunbillako udal pilotalekuan Miguel Latasa zenaren omenez laugarren aldiz antolatutako pilota txapelketako finalak. Orain arte Arruteneko frontoian, Latasaren etxean jokatzen ziren finalak, baina ttiki gelditu eta udal pilotalekura eramen dira aurten.
Jokatutako bi finaletatik, bigarrena, jubenilen mailakoa, izan zen parekatuena, eta bildutako ehun bat zaleen artean giro beroagoa jarri zuena. Kadete mailako finalean, Peio Echeverria (Ultzama) eta Iker Espelosin (Sunbilla) lehiatu ziren lau terdiaren barrenean. Partidua azkarra izan zen, bi pilotariak eskuetatik nahiko justu baitabiltza. Finaleko lehen errenta garrantzitsua Echeverriak izan zuen (8-0). Hala ere, Espelosinek lehia itxuratu zuen herritarren aitzinean (15-10). Berriro, azken hiru tantoak Echeverriak egin zituen markagailuan (18-10).
Gazte Mailako finalean, kantxa osoan eta binaka, Huarte taldeko Iker Zamora eta Jabi Lezaun (bi hauek Espinal eta Goñiren ordez aritu ziren) 22-14ko emaitzarekin gailendu zitzaizkien Bortzirietako Beñat Mitxelena eta Xabi Mendiri, (azken hau Jon Olaizolaren ordez aritu zen). Zamora eta Lezaunek bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten. Mitxelena eta Mendi saiatu ziren, eta ez zuten partida galdutzat inoiz eman, baina aurkariak gehiago izan ziren, 22-14 nagusituz.
Bi partidak bukatu ondoren, sariak banatu zituzten, bertan izan ziren Inaxio Errandonea Aspe enpresaren ordezkaria eta Jon Apezetxea pilotaria, eta Miguel latasa zenaren hiru semeak; Fermin, Miguel Mari eta Franciscok banatu zituzten sariak.