Urriaren 13an, Tarragonan, eliza katolikoak XX. Mendeko 522 martiri espainiar beato egin zituen, haien artean Urrozko semea zen Xabier Gorosterratzu Jaunarena. Beatifikazioa goiti beheiti, mutil haren bizia aipatzeak merezi du, gurea bezalako herri ttiki batetik ateri eta zenbat pasadizo izan zituen kontuan hartzen badugu.
1877an jaio zen Xabier. 12 urterekin Labaienera joan zen atautxiri artzain lanetan laguntzera eta 14rekin berriz Urrozera itzuli zen. Orduko, nonbait, erlijiorako interesa piztua zitzaion eta Lekarozeko kaputxinoetan sartzeko saiaketa egin zuen. Ez zuten onartu, ordea, zaharregia zela iritzita. Hala ere, Iruñeko San Inazioko Redentoristen ordeneko bi lagun herrira predikatzera etorri ziren batean, harremanetan jarri eta Iruñean misiolari hauen buruarekin solasteko modua egin zuen. Onartu zuten, baina laguntzaile bezala. Zurgin ofizioarekin, apaizgintzan sartzeko berandu zela uste zuten, ikasketa gutti zituelako eta euskaraz bertzerik mintzatzen zelako.
Postulatua Astorgan egin zuen eta nobiziatua Nava del Rey-en, non, bere adimen haundiaz oharturik apaizgintzara bideratu zuten. Bere ikasteko nekaezintasunagatik, teologia ikasi eta maila bikainarekin akitu zituen ikasketak, 1903an apaiz egin zelarik. Gero, Astorgara itzuli zen, oraingoan Filosofia eta Zientzia irakasle bezala. Talentu, jakinduria eta pentsamendu haundiko gizona omen zen. 1913an Iruñera etorri zen, euskaraz eta gazteleraz misiolari lanak egitera, 1927a arte. Ondotik Madrilera destinatu zuten 1930era arte, ondotik, bertze hiru urtetarako Iruñera itzuli zen.
Azkenik 1933an Cuencara eraman zuten probisionalki, Vaticano-ra joatekoa baitzen, hango isilpeko artxiboetan fray Bartolome de Carranzari buruzko ikerketa egiteko.
Baina asmoak bidean gelditu ziren, 1936ko gudaren ondorioz. Ihes egiten saiatu zen, baina abuztuaren 10ean bertze lagun bateri lotuta, fusilatu zuten. Bere gorpuzkiak Madrilen daude lurperaturik.
Liburu batzuk ere argitaratu zituen. Rodrigo Jimenez de Rada artzapezpikuaren biografia, Historiaren Akademia Errealak talentuari emandako saria jaso zuena. Arnaut Oihenart-en Notitia utriusque Vasconiæ, tum ibericæ, tum aquitanic, lana latinetik gaztelerara ere itzuli zuen, ‘Historia de las dos vasconias, iberica y aquitana’ izenburupean, arrakasta izan zuen.