Mikel Aingeruaren irudia egin du Iriarteko Migel Arregik

Fermin ETXEKOLONEA 2013ko urriaren 31

Iriarteko Mikel Arregi, aingeruaren irudi dotorearekin. TTIPI-TTAPA

Duela 15 urte hasi zen Iriarteko Mikel Arre­gi egurra lantzen, jubilatu zenean, eta berak dioen bezala, «denbora pasa». Lehendik ere egurrerako afizioa bazuen arren, ez omen zekien tailatzen eta hasitakoan gustua hartu ziola esan digu. Geroztik, koadroak, erlojuak... lan saila egin ditu, baita 13,5 metroko egurrezko kate bat ere. Denak ere etxerako edo oparitzeko landu ditu, eta ez sal­tzeko. Orain, berriz, Mikel Aingeruaren irudia egin du egu­rrean, baita dotore egin ere, xehetasun guztiekin egin baitu aurrekaldetik zein­ ­atzekaldetik. Haritz amerikarraren enborra hartu eta bi hilabete pasatu ditu argazkian ageri den Mikel Aingeruaren irudia egiten, eta onartu digunez, «oso gustura» dago egindako lanarekin. Ez da gu­txiagorako, lan haundia egin baitu. San Migeletik ekarritako postalarekin hasi omen zen irudia egiten, baina postalean aurrekaldea bakarrik ageri zenez, azaldu digu atzekaldea nolakoa den ikusteko bi aldiz joan zela San Migelera argazkiak atera­tzera. 

Mikel Aingeruaren irudia egurrean eginda, ametsa egi bihurtu omen zaio Iriartekoari. Honela kontatu digu: «orain dela bizpahiru urte Mikel Aingeruaren irudia egurrean egiteko ametsa izan nuen. Hortaz, aurten amets hori bete zait eta gaur besoetan daukat. Irudi hau egiten ari nintzela laguntzen bazidan, Mendaurrera igoko nintzela agindu nion. Eta hitza bete dut eta handik eskerrak eman dizkiot. Orain, berriz, mesede bat eskatu diot. 74 urte ditut eta pila edo monton honetatik hamar urte kentzeko, mesedez».

Betetzeko zailagoa izanen da amets hori, beharbada.  

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun