Giro ederrean joan zen Euskararen Eguna

Fermin ETXEKOLONEA 2013ko urriaren 31

Herri bazkarian animazio handia izan zen. 85 lagun bildu ziren, tartean menu berezia izan zuten dozena bat haur ere. Izaskun ZUBIALDE

85 lagun bildu ziren herri bazkarian

Euskararen Egun polita antolatu zuten gazteek. Ostiraleko pintxo lehiaketan hamalau partaide izan ziren Errandonea ostatuan eta Eva Elizalde izan zen garaile. Mus txapelketan sei bikote bildu ziren eta Xanti Hualde eta Jose­txo Elizalde suertatu ziren txapeldun, finalean Beñat eta Oinatzi irabazita. Rosa Arburuak mintzaldi interesgarria eskaini zuen Herriko Ostatuan, garai bateko emigrazioari buruz. 
 
Larunbata izan zen egun handia eta eguraldiak eta jendeak ere lagundu zuen. Artisau kua­drila atera zen plazara. Trikitilariek eta joal­dunek ere alaitu zuten herria. Muxiko taldera ere jende asko bildu zen eta dantza politak eskaini zituzten plazan. Aizkora apustuan, Joxe Antonio Loiarte eta Mikel Indakoetxea garaile suertatu ziren. Ezekiel Loiarte eta Raul Kas­tro izan zituzten aurkari, hamar enborrera. Ikuskizun polita eskaini zuten. Zorionak irabazleei eta galtzaileei animo!
 
Herri bazkarian 85 bat lagun bildu ziren, tartean dozena bat haur. Beraientzat menu berezia ere izan zen. Aitzol Barandiaran etaOihana Bartra bertsolariek ere saio polita eskaini zuten. Karrikaz karrika ere ibili ziren bertso kantari, animazio ederrarekin. Urdaiazpiko eta gazta lehiaketan, urdaiazpikoa Flora Loiartek eraman zuen eta gazta Flora Loiarte eta Leire Argotek eta Beñat Irasuegik erdibana. Ines Gerekak emandako bir­tziklapen tailerrean haur dexente bildu zen eta Zesuma taldearekin dantzan ibili ziren animatuenak.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun