Norbere lana sortzen ikasteko tailerra hasiko da Donezteben

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 31

Nola saldu denbora nahasietan ikastaroan parte hartu zutenak. Utzitako argazkia

Mikel Belascoainek emanen du Malerrekako Mankomunitatean

Sortu zure lana edo Zuk zeuretzat lan egin. Heldu den azaroaren 13an, Donezteben, Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan hasiko den tailerraren izenburua da. Langabezian edo lanean arituta ere, norbere lanpostua sor­tzeko asmotan dabil­tzanentzat edo berriki jardueraren bati heldu dionarentzat tailer aproposa izan daiteke.
Teoria eta praktika konbinatuz, ideia berriak sortzea eta nork bere lana izateko proiektuak garatzea bilatzen eta motibatzen dute tailerrean. Baliabideak edo estrategiak eman nahi zaizkie nork bere lana sortzeko asmoa dutenei, aukera emanez jarduera bati heltzeko segurtasunez; hau da, non 'sartzen' diren kontrolatuz.
 
Mikel Belascoain, aholkulari eta sortzailea, izanen da irakaslea. Hark badaki berak izandako eskarmentuz zer den nork bere lana sor­tzea. Horretaz gain, be­rriki, bere izaera be­rritzaileak proiektu sortzaile bat batera finantzatzera bultzatu du, taldeko finantziazioaren bitartez. 
 
Prestakuntza hori 'Enpresa txikiendako prestakuntza, 2013 CED – 2014-2015 Aurrekontua' izeneko proiektuan bultzatzen den ikastaro-programaren barnean kokatzen da. Proiektuak 27.500 euroko au­rrekontua du, eta 'LGENF' Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen du, Nafa­rroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren bidez.
 
Bertze aldetik, urriaren 1, 8 eta 15ean "Nola saldu denbora nahasietan" izeneko ikastaroa eman zuen Cederna Garalur Elkarteak Malerrekako Mankomunitatean. Hamabi lagunek parte hartu zuten, gehienak merkataritza, zerbitzu eta turismo sektorekoak eta formakun­tzaren ga­rrantziaz jabetu ziren.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun