37.294 izokin-kume askatuko dituzte Bidasoa arroan

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 31

Barcina presidenteak eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek Berako estazioa bisitatu zuten. Nafarroako Gobernua

1990. urtetik ibaian goiti egiten duen izokin kopurua handitu eta egonkortu da

3.790 izokin-kume askatu zituzten urriaren 21ean Bidasoan, Oieregin, bere kabuz iraun dezakeen espeziearen ibai horretako populazio naturala berreskuratzeko. Ekitaldian Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak parte hartu zuen, eta harekin batera izan zen José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria. Au­rre­ikusi denez, datozen egunetan 37.294 izokin-kume pikart askatuko dituzte guztira Bidasoa ibaiaren hainbat tartetan eta erreka adar ba­tzuetan (Beartzun, Artesiaga, Aiansoro, Ezku­rra eta Ezpelura). 
 
Espeziea berreskuratzeko planaren ekin­tzetako bat populazio basatiak indartzea da, izokinak naturalki hel­tzen ez diren edo modu adierazgarrian iristen ez diren arroaren guneetan. Birpopulatzea Mugairiko arrain-haztegiko aleen bidez egiten da, bi sasoitan eta bi motatako kumeekin: ­arrainkumeak udaberri amaieran eta uda hasieran ibairatzen dira, banazbertze 7,4 cm eta 5 gramo dituzte, eta marka dute eginda gantz-hegalean. Aurten 83.285 arrainkume bota dira guztira Bidasoa, Ezkurra eta Ezpelura ibaietan; pikartak udazkenean errekara­tzen dira: 10,8 cm-ko neurria eta 18 gramoko pisua dute banazber­tze. Marka gisa, gantz-hegalean ablazioa dute eginda eta sudurrean mikromarka bat. Urria­ren 21ean askatu dituzten izokin-kumeak azken mota horretakoak izan dira, eta udazken honetan guztira 37.294 pikart askatuko direla aurreikusi da.
 
POPULAZIOAREN KONTROLA BERAKO HARRAPATZE-ESTAZIOAN
 
Ondoren, Berako ha­rrapatze-estaziora joan ziren agintariak, han burutzen baitira izokinen populazioa kontrolatzeko lanak (zenbaketa eta aleen markaketa). 
 
Izokina berreskura­tzeko estrategiaren ber­tze ardatzetako bat populazioa kontrolatzea da. Kontrola ibaian egiten duten bizitzako zi­klo osoan burutzen da: ibaian goiti egiten duten ale ugaltzaileak eta arrainen arrabalekuak lokalizatuta ugalketa naturala kontrolatzen da, arrabarako habiak zenbatzen dira, populazioen jarraipena egiten da eta izokin gazteen mi­grazioa kontrolatzen da. 
 
Espezieak kontrola­tzeko ekintza batzuk Berako harrapatze-estazioan egiten dira. Fundizioen presako oztopo artifiziala aprobetxatzen duten instalazio txikiak dira, eta Bidasoan goiti egiten duten izokin guztiak harrapatzen dira. Horretarako, arrainentzako eskalaren zati den oraska batean butroi bat (sarez egindako konoa) duen kaio­la bat dago jarrita. Bertara modu naturalean igo daitezke arrainak, baina ezin dute atera.
 
Langileek urteko sasoiaren eta baldintza hidrologikoen arabera aztertzen dute tranpa, eta harrapatutako aleei buruzko datuak jaso­zen dituzte. Horretarako, kaio­la jaso eta harrapatutako arrainak  pu­tzu batean anestesiatu ondotik datuak jasotzen dira: espeziea, sexua, luzera, altuera, jatorria eta ezkaten lagina. Ondoren, putzu txiki batean uzten dituzte indarberritu daitezen, presan goiti askatu aitzinetik.
 
Izokina berreskura­tzeko planari esker, 1990. urtetik Bidasoan goiti egiten duten ale kopurua handi­tzea lortu da. Gainera, kopurua egonkortu da urteko banazbertzekoa 300 ingu­rura hurbilduz. Azken hiru urteetan ko­pu­ru hori nabarmen gain­ditu da (462 izokin 2010ean, 461 izokin 2011n eta 387 izokin 2012an). 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun