Eskualdeko pentsiodunek ez dute begi onez ikusten pentsioen erreforma

Gurutze PIKABEA 2013ko urriaren 31

Pentsio sistema berriak haserrea eragin du pentsiodunen artean, okerrera, goitik behera doazela diote. Argazkian, Arkupeak jubilatu eta pentsionisten elkar­teko kideak Pirinioetara ­egindako ateraldi

Pentsio sistema berria 2014tik aitzinera sartuko da indarrean Hego Euskal Herrian

Espainiar zein fran­tziar estatuetako gobernuek aldaketak iragarri dituzte pentsioetan eta sindikatuek diote «hondamendi soziala» ekarriko dutela. TTIPI-TTAPAk eskualdeko pentsiodunen ahotik jakin nahi izan du neurri berrien inguruko euren iritzia zein den.

 

«Lapurreta, dirua sistema publikotik pribatu­ra­ eskuz aldatuko delako», «iruzurra», «pen­tsioe­tatik di­rua­ kentzea gero espekulazioaren eta bankuen zorrak estal­tze­ko erabiltzeko», «enpleguaren aurkako bertze eraso bat», «herri­tarrei engaina­tzea», «pentsio kaskarrak eta lan prekarioak lehenesten dituen filosofiaren ondorioa»... Pentsioen erreformaren inguruan, gisako solasak dabiltza herrita­rren eta sindikatuen aho­tan. «Dirua aurrezteko» Espainia­ko Gobernuak esku artean duen pen­tsioen­ erre­for­ma­re­kin, 2014­tik aitzinera pen­tsioak ez dira KPI Kon­tsumo Prezio Indi­zea­ren arabera berri­tuko; Gizarte Segu­ran­tzak­ izaten dituen diru-sarrera eta gastuen araberakoak izanen dira. Mugak ere jarri ditu­ estatu espainia­rreko gobernuak, guttie­neko eta gehieneko igoerak finkatuz­: ekonomikoki urterik oke­rrenetan ere pen­tsioak guttienez %0,25 igoko dira, eta aldiz, Gizarte Segurantzak diru sarrera­ haundiak izanda ere, pentsioak ez dira KPI gehi %0,25 baino gehiago igoko. Ho­rrekin batera, 2019tik aitzinera pen­tsiodunek jaso beha­rre­koa kalkulatzeko bizi itxa­ropena kontuan hartuko da eta hori­ haunditu ahala, beheiti eginen du urte­ro jaso beharrekoak.  

Neurri berri hauekin pentsiodunen erosteko ahalmena mu­rriz­tuko dela diote sindikatuek.  Eurentzat Es­painiako Gobernuak eta finantza botereek emana duten epaia «orain­­go eta geroko pen­tsiodunentzat pobre­zia baino ez da», eta horretarako aukeratu duten bidea «pen­tsioak­ gero eta ttikiagoak» izatea dela uste dute. LAB­en hitze­tan, «pen­tsio erre­­forma­rekin eginen diren murriz­ketak ez dira diru publikoa aurrez­teko, he­rri­ta­rroi dirua lapur­tzeko baizik» eta ins­tituzio publikoak ere kritikatu ditu «ez dutelako deus egiten». ELAk, berriz, datuak eman ditu­. Kalkulatu duenez, hu­rren­go bortz urteetan %9ko eros­men ahalmena galduko dute pentsio­dunek Hego Euskal He­rrian, hau da, hilabetean 90 euro gu­ttiago jasoko­ dute. 2019tik aitzinera erretira­tzen direnei urte­ko ­% 0,4 inguru jei­tsi­ko­ zaiela ere azaldu du ELAk.

Frantziar estatuan ere pentsioak jomugan daude. 2010ean erre­tre­ta adina  60 urtetik 62ra gibeleratu zuten, eta orain­, berriz, pen­tsioa­ osorik jasotzeko kotizazio urtea 41,5 urtetik 43ra igo nahi dute. 2020ra arte orain arteko sistema man­tendu­ko lukete, baina ordutik aitzinera, urte­ro­ hiru­hileko bat gehituko lukete kotizatu beha­rre­ko denbora. Honela, 2035ean beha­rrez­koa izanen litzateke 43 urte kotiza­tuta izatea pen­tsio osoa kobratzeko.

PENTSIODUNAK SOLASEAN

Migel Joakin NOBLE | EZKURRA

«Kentzen segituko digute, baina gazteen etorkizuna beldurgarria da»

Duela 20 bat urte jubilatu zen Migel Joakin eta emaztearekin bizi­ da. Hiru alabak etxetik kanpo ditu, baina asteburuetan semea zenaren alabez arduratzen dira hauen ama lanean denean. Jaso­tzen duen pen­tsioarekin hilabete­ bukaerara ailegatzen direla­ dio, baina onartu di­gunez, «gehia­go balitz, hobe». 78 urterekin, ez du argi ikusten etorkizuna: «guri­ ere ken­tzen­ segituko digute, baina guk gurea egina dugu. Gazteen etorkizuna beldur­garria da». 

Migel MARIEZKURRENA | EZKURRA

«Pixka bat irabaziz eta gu­txi gastatuz ailegatzen gara hilabete bukaerara»

72 urte ditu Migelek eta bakarrik­ bizi da. Urte batzuk badira pen­tsioa kobratzen duela, eta egune­rokoan gastu «izugarririk» ez duenez, hilabe­te bukaerara ailega­tzen da. Hori bai, beretzako adina ateratzen du baratzean edo aziendekin eta horrez gain, «pixka bat irabazi eta gutxi gastatuz»­. Erreformaren aurka dago: «gure­ kaltera­ko izanen da. Pentsioa ez dute altxa­ko­ eta bizitza bai». Gaz­teen­ geroa­ «oso gaizki» ikusten duela ere gaineratu digu.

Martin MARIEZKURRENA | EZKURRA

«Zaila ikusten dut oraingo gazteek pentsioa kobratu ahal izatea»

Hiru alabak etxetik kanpo ditu Martinek eta emaztearekin bizi da. Duela urte batzuk aurrejubila­tu zen, eta aurten jubilatu da.  Jasotzen duen pentsioarekin ez dutela arazorik kontatu digu: «nahiko ongi ibil­tzen gara, ez dugu kexatzekorik». Egunero­koan ere ez dute aparteko gastu­rik. Alabak ere lanean­ ditu eta orain­goz ongi ikusten ditu. Baina­ gaz­teek pentsioa kobratuko­ ote duten galdetuta, «hori nahiko zaila ikusten dut», erantzun digu­.

Pedro TELLETXEA | LEITZA

«Jubilatuta ongi egonen ginela uste nuen, baina soka estutzen ari dira»

Emazte eta alabarekin bizi da Pedro. Emazteak eta biek duten pentsioarekin molda­tzen dire­la dio. Baina kritiko da pentsioak­ «izoztuak» daudelako eta gauzak­ «gero eta garestiagoak» direlako. «Eskerrak ez dugun zorrik, beste­la, hilabetearen azkenean estu ibiliko ginateke». Jubilatuta­ «ongi egonen ginela» uste omen zuen, «baina soka es­tu­tzen ari dira eta estutu­ eta estu­tu­ azkenean hau­tsi egiten da». Argi­ du erre­for­ma «ez dela positiboa». 

Angel TELLETXEA | ETXALAR

 

«Duela 15 urte irabazten nuen soldata jasotzen dut gaur egun»

Emazte eta bi semeekin bizi da Angel. Zortzi urte izanen ditu pen­tsioa kobratzen eta erran­ digunez­, hilabete hondarrera «so­brante­rik gabe» ailegatzen dira. «Duela­ 15 urte irabazten nuen­ sol­data jasotzen dut orain. Atera­ kontuak­ 15 urteotan zenbat igo den bizi­tza». Pentsioen errefor­ma­ ez du begi onez ikus­ten: «gehiago estu­tzen bagaituzte, eta bizitza beti gora doala ikusita, ez zait ongi iruditzen. Gazteek ez dakit zein­ etorkizun izanen duten». 

Paula HUARTE | ARIZKUN

«Beharrik bi aldetik ko­bratzen dudan, bertzela juxtu ibiliko nintzateke»

Duela hiru urtetik da pentsioduna Paula eta Ameriketan ere lanean ibili zenez, bi tokietatik ko­bratzen­ du: «espainiar estatutik jasotzen dudanarekin bakarrik banintz, arras­ juxtu ibiliko nintza­teke. Ez dut kexatzekorik, baina beharrik bi aldetatik heldu zaidan». Erreforma «arras­ gaizki» iru­ditzen­ zaio: «pila bat kaltetuko­ gaitu. Pen­tsioak­ beheiti­ doaz eta bizitza goiti». Hortaz, «hitz emandakoa erres­petatu eta pen­tsioak ordaintzeko» eskatu du. 

Karmelo ETXARTE | LESAKA

«Dudarik gabe, erreforma pentsiodunen kalterako izanen da»

56 urte zituela aurrejubilatu zen Karmelo, duela 20 urte. Urteekin­ pentsioak «ez direla igo­tzen» dio, eta aldiz, «bizi­tza­­ garestitzen ari dela». Seme-alabak etxetik kanpo eta lanean ditu, eta erran digu­nez, «andrea eta biak bakarrik bizi gara eta hilabete hondarrera ailegatze­ko moldatzen gara». Gaineratu digunez, «adin honetan ez da gastu haun­dirik izaten». Hala ere, ez da pentsioen erre­for­ma­ren aldekoa: «dudarik gabe, gure­ kalterako izanen da».  

Felisa SALABERRIA | GOIZUETA

«Pentsio bakarra banu, zer eginen nukeen pen­tsatzen gelditzen naiz»

65 urterekin jubilatu zen Felisa, eta geroztik pentsioa kobratzen du, baita alargunaren pentsioa ere 1997tik. Hilabete hondarrera­ ailegatzeko ez duela­ arazorik dio: «Luxurik gabe, baina­ ni­re kapri­txoak ere egiten ditut, eta ez dut inoren laguntzarik behar». Hori bai, aitortu digunez, «pen­tsio baka­rra baldin banu, horrekin zer eginen nukeen­ pentsa­tzen geldi­tzen naiz». Baina ez da hori bere­ kasua eta hala, biekin «oso ongi»­ moldatzen dela kontatu digu.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun