Urriaren 31n kontzertu bikaina izanen da Iturengo Herriko Etxeko ganbaran. Malerrekako euskara zerbitzuak Kultur Ibilbidearen baitan antolatuta, Ruper Ordorika oñatiarrak emanaldia eskainiko du 20:00etatik aitzinera. Sarrera 5 euro kobratuko dute.
Oso kantari ezaguna dugu Ruper, hamasei diska kaleratuak ditu dagoeneko, 1980. urtean Hautsi da Amphora izan zen lehena eta azkena berriki atera duen Azukre koxkorrak. Bertzalde bizpahiru diska ere atera ditu Mugalariekin batera eta Hiru Trukurekin. Hainbat eta hainbat abesti izan ditu famatu eta entzunak, horien artean Ez da posible, Zaindu maite duzun hori…
Bere azken lana aurkezteko bigarren kontzertua izanen da Iturengoa, Baionakoaen ondotik. Azken diska honetan Euskal Herriko talde batzuen kanten bertsioak egin ditu, bere ukitua emanez.