Nola, noiz, zer erran... Sexu heziketak buruhauste franko ematen dizkie gurasoei. Sexualitatea, ordea, jaiotzean sortzen den prozesu bat da eta bizitza osoan gurekin dugun zerbait. Neska edo mutiko, emakumezko edo gizonezko, jaiotzetik izaki sexudunak gara eta bizitza guztian horrela izanen gara. Sexu heziketaren inguruan gehiago jakiteko Mayra Perez, Esther Cremaes eta Puy Aranarekin egon gara, Elizondo/Burlata, Ermitagaina/Barañain eta Lizarrako Emakumearen Arreta Zentroetako sexologo eta erizainekin.
G. PIKABEA
Nolakoa izan beharko luke sexu heziketak?
«... eta orduan aitak hazitxoa jarri zuen amaren barrenean». Orain gutti arte familien sexu heziketako ipuina horrela bukatzen zen. Gaur egun, ordea, –eta lehen ere bai–, badakigu bukaera hori ez dela nahikoa, esaldi horrekin ez dira agortzen sexu heziketaren aukerak. Sexu heziketaren helburuak honetara bideratuak egon beharko lukete: nahi ez diren haurdunaldiak prebenitzera, sexu-organo bidezko gaixotasun eta infekzioen transmisioa prebenitzera, sexu abusuak eta sexu arteko indarkeria prebenitzera. Ez prebenitu bakarrik, lortu baizik. Sexu heziketa haurrek norbere burua ezagutzeko laguntzean datza. Nolakoak diren eta nola funtzionatzen duten jakitea, eta gainerakoak nolakoak diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzea, sexu berekoa dena eta ez dena. Haurrek norbere burua onartzen laguntzea ere sexu heziketa da, diren bezalakoak izateaz harro sentitzea. Bakarrak eta bereziak direla jakin, eta gorputz guztiak plazera sentitzeko berdin prestatuak daudela sinestea, bai harreman afektiboak izateko, bai harreman erotikoak izateko eta seguruenik, baita ugalketarako ere. Erotikako espresioekin pozik sentitzen laguntzea ere bada sexu heziketa, norbere buruarekin gustura egotea. Desio ez diren ondorioak saihesten ikastea da, eta batez ere, norbere balore eta desioekin koherentea izatea.
Zein da sexu heziketan gurasoen egitekoa?
Ez dut uste inork zalantzan jarriko duenik sexu heziketak familian ere baduela tokia. Beharbada noiz hasi behar den zalantzak izanen dira, edo zer sartu edo egoera jakin batzuk konpontzeko zalantzak, gai batzuen inguruan nola hitz egiten hasi behar den edo zein den hizkuntzarik egokiena. Edozein kasutan, oinarrizkoan ados gaude: familiek seme-alaben sexu heziketan lagundu behar dute. Nahi izan edo ez, familietan sexu heziketa egiten da: hitz egin edo isilik gordetzen dutenarekin, ematen dituzten ereduekin, erabiltzen diren tonuekin, uzten edo gordetzen dutenarekin... Sexu heziketa egin egiten denez, bide egokian egitea nahi dugu. Erantzuteaz gain, gurasoei hitz egiten entzutea ere garrantzitsua da. Errazagoa da gaiaren inguruan eta tonu egokian hitz egiten duenari galdetzea.
Gurasoak seme-alaben sexu heziketaz arduratzen dira?
Lehendabiziko galderak sortu arte, normalean gurasoek ez dute beharrezkoa ikusten sexu heziketa planteatzea eta hori batez ere nerabezaroan gertatzen da, haurdun gelditzeko arriskuaren beldur edo gaixotasun bat hartzeko beldur direnean. Baina une horretan ez dakite nerabeari nola erantzun. Hortaz, garrantzitsua da gurasoekin hitz egitea, ezinbertzekoa. Gurasoek sexualitateaz duten kontzeptua zabaldu behar dute, seme-alabekin sexu heziketa egin, eta sexu heziketa ez dela etxean solasaldi bat ematea ulertu behar dute. Hortik haratago doa, nolakoak diren erakutsiz, euren zalantza, kezka, esperientzia eta baloreekin.
Nola erantzun behar zaie galderei?
Sexu heziketa ezin da informazioa ematera mugatu. Galdera-erantzunek ez dute ibilbide luzerik. Baina galderak sortuko direnez, erantzuten diegunaren arabera, galdera berriei atea zabalik edo itxita utziko diegu, eta sexualitatearen ideia bat edo bertzea lantzen hasiko dira. Beraz, galderak erantzun behar dira. Erantzutea erabakitzen badugu, galdetzen segitzea nahi dugulako da, guregan konfidantza izatea eta gai hauetan beraien eredu izan nahi dugulako. Familiak ez du sexologiako profesional baten edo entziklopedia baten lana egin behar. Kontua ez da seme-alabek kontatzen diegun guztia ikastea. Garrantzitsuena gurasoekin kontatzen dutela ikustea da.
MITOAK ETA IDEIA FALTSUAK
«Oraindik ere badira mito eta sinesmen faltsuak. Batzuen ustez, sexu heziketak ez dakit nolako ‘senak’ pizten ditu, eta ez dakit zer egiteko baimena ematen du... Baina informazio guttien jasotzen dutenak dira jokaera arriskutsuenetan erortzen direnak, edo zentzu guztietan sexualitateaz guttien gozatzen dutenak. Gure seme-alabek norbere burua ezagutu eta onar dezaten eta beraien bizipen erotikoekin asebeteak senti daitezen lan egin behar dugu»